Ane Labaka, bertsolaria eta idazlea

Ane Labaka: "Emakumeok umorea kontzienteki eta arma politiko gisa erabiltzen hasi behar dugu"

Umorea emakumeen gorputzetatik nola erauzi den ikertu du Ane Labakak 'Algara mutilatuak' saiakeran. Umorean aritu eta aditu diren hainbat emakumeren bizipenak jaso ditu bertan

11.04.2021 | 08:30
Umorea emakumeen gorputzetatik nola erauzi den ikertu du Ane Labakak 'Algara mutilatuak' saiakeran

Umorearen bueltan aritu da azken urteotan Ane Labaka Mayoz (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1992) bertsolari eta idazlea. Ikerketarako gai izan du eta baita sormenerako tresna ere, antzerkian zein bertsotan. Ezezaguna baina ohikoa den "mutilazioa" ikertu du, algararen erauzketa emakumeen gorputzetatik, hain zuzen. Horretarako, umorean aritu eta aditu diren emakumeen bizipen eta iritziak jaso ditu Algara mutilatuak (Susa, 2021) Lisipe bildumako bederatzigarren alean.

Umorearen bueltan aritu zara azken urteetan. Bide horretan jasotakoaren ondorio da liburu hau?

-Master amaierako lanetan erabaki behar nuen ikergaia zein izango zen eta argi nuen feminismoa eta bertsolaritza uztartzen zituen zerbait izango zela. Orduan hasi nintzen irakurtzen ordura arte gai horien inguruan idatzita zeudenak, hitzaldiak, etab. eta konturatu nintzen umorearena bazela gai bat askotan aipatzen zena zeharka edo, baina inork ez ziona heltzen zuzenean. Gero bai konturatu naiz prozesuan zehar agian bazegoela beste arrazoi sakonago bat. Ni plazetan hasi nintzenetik umorearekin emakume eta sortzaile bezala bizi izan ditudanak, bazeudela beste ezkutuko arrazoi batzuk ere. Horren uztarketatik esango nuke hasi nintzela ikertzen eta hasieran zenbateraino emango zuen ez nekien arren, egia da gero dezente eman duela gaiak.

Elkarrizketak egin ahala konturatu zinen umorea aztergai aukeratzea zauri propio batetik zetorrela, ez zela ausazkoa hasieran uste zenuen bezala, ezta?

-Bai, konturatu nintzen bazeudela bizipen batzuk. Azkenean ni 12 urterekin hasi nintzen jende aurrean bertsotan plazaz plaza eta bazeudela gauza batzuk umorearekin lotuta zeharkatzen nindutenak eta mugitzen nindutenak eta akaso hortik ere etorri zela ikergaiaren hautaketa.

Zeintzuk dira zauri horiek?

-Nik beti esaten dut, eta baita nire belaunaldikide direnek ere, eskola arteko txapelketetan hasi ginenean kantatzen beti azpimarratzen zen zerbait zela seriotasuna eta diskurtsoa garatzeko oso onak ginela eta aldi berean inor ez zen ausartzen esaten umorearekin lotuta gabezia batzuk genituela edo ez ginela gure adineko gizonezkoak bezain barregarriak. Bertsotan hainbeste estimatzen den umore eremu horretan ez ginela hain trebeak. Banituen sentsazio batzuk oraindik izendatzen ez nituenak, edo ez nintzenak gai arrazoitzeko, plaza batzuetan ez enkajatzearena, jakitea detektatzen jendeak ze umore mota espero zezakeen edo ze umorek funtzionatu zezakeen baina ni horretan eroso ez sentitzea, eta era berean ez jakitea nola egin beste bat...

"Aurreiritzi batzuk errepikatzearen errepikatzeaz hedadura handia hartu dute, adibidez emakumeok ez dugula graziarik"

Umorea maskulinitatearekin lotu da oro har gizartean, baita bertsolaritzan ere. Zure esperientziatik hori egiaztatu duzu?

-Umorea gizonezkoen zerbait bezala ulertu izan da. Badaude aurreiritzi batzuk askotan errepikatzearen errepikatzeaz momentu batzuetan hedadura handia hartu dutenak, adibidez hori, emakumeok ez dugula graziarik, edo graziosoak beraiek direla. Hasten zara hori aztertzen eta ikusten duzu umore hegemoniko eta maskulinoa ze gairen inguruan egin den, nola baztertu diren guk adibidez gure sentitzen ditugun beste mundu erreferentzial batzuk€ Autore batzuek esaten dute lehenengo garrantzia bat aitortu behar diozula umorea egingo duzun gai horri, nolabait desdramatizatzeko. Hor gertatu da, beste gauza askotan bezala, emakumeokin lotzen ziren eremu, gorputz zati edo gai horiei ez zaiela garrantzirik aitortu eta beraz, ez direla umorerako erabili.

Irantzu Varelak aipatzen du liburuan: "Gure txisteak ere badira umore unibertsal, ez dira nesken txisteak, txisteak dira".

-Hori gauza guztietan pasatzen da, literaturan ere badago literatura unibertsala, maskulinoa, neutrotzat hartu den hori eta gero aparte emakumeen literatura eta hor ere egin behar izan da horren aurka. Nik uste umorean ere antzekoa gertatzen dela. Azkenean guk ikasi dugu txikitatik ze gauza ziren barregarriak eta ikasi dugu horri buruz barre egiten, pentsatuz hori zela grazia egin zezakeen bakarra, hori zela neutroa, unibertsala. Gero denborarekin konturatzen zara ezetz, umore hegemoniko hori askotan izan dela oso goitik beherakoa, izan dela oso matxista eta ez daukala ezer unibertsaletik edo ez lukeela izan behar.

Umorea gutxi batzuen pribilegioa izan da?

-Nik uste dut denok erabili izan dugula, bai boteredunek eta baita zapalduek ere. Beste kontu bat da umore horrek ze gaitasun daukan hedatzeko. Ez da berdina mila zurik urteetan zehar beltzei buruzko umorea egitea, horrek jada gizartearen ordenamenduan ere eragin bat daukalako. Beltzek ere agian egingo zuten kontrara, zuriei buruz, baina ez dauka hainbesteko oihartzunik, hainbesteko indarrik. Izan ere, hor botere harremanak bete-betean sartzen dira. Bestalde, egia da gizarte honetan azpiratuak izan direnek biziraupenerako beti erabili izan dutela umorea, azkenean kohesionatzeko eta taldea egiteko eta zauri horiek sendatzeko denok erabili izan dugu modu batean edo bestean. Baina kontua da beste espazio batzuetan izan dela, intimoagoan edo hainbesteko hedadura ez duten horietan.

Ezezaguna baina ohikoa den mutilazio batez ari zara. Zer da algararen erauzketa?

-Munduan zehar emakumeei fisikoki egiten zaizkie oraindik ere mutilazio batzuk, baina badaude beste erauzketa batzuk sinbolikoak izan daitezkeenak eta emakumezkoen kasuan, askotan dibertsioarekin edo gozamenarekin lotzen diren horiek erauzten zaizkigu eta horietako bat umorea litzateke. Mutilazio hitzarekin hitz-joko bat egin nahi izan dut, batetik, mutilazioa bera, eta bestetik mutilatzea edo mutikotzea, mutil hitzean azpimarra jarriz. Adibidez, ikasgeletan oso argi ikusten da rol banaketa horretan nortzuk diren geletako graziosoak edo zeini aitortzen zaien barrerako zilegitasun hori. Nola joaten garen gu zentzu horretan ere mutilatzen eta igual hainbesteko grazia egiten ez diguten txiste horiei barre egiten, ulertzen dugulako hori dela tokatzen dena eta hori dela barregarria mundu honetan.


Zergatik mugatu gaituzte emakumeak neurritsu izatera?

-Nik uste dut txikitatik dugula presio hori, ikasgeletan ikusten dena eta umorearen erabileran ere bai: esertzeko moduan, espazioak okupatzeko moduan€ Justu horrekin hasten dugu liburua 'Ez zaitez nabarmendu' kontsigna txikitatik barru-barruan inskribatzen digute. Zu egon zure lekuan, egon txukun, geldirik, ez molestatu asko, izan esaneko€ Umorea egitea bada nabarmentzea, edo ahotsa altxatzea, zentralitatea hartzea eta jendearen fokua zeureganatzea. Nik uste horrekin ere lotura daukala genero sistemak guri markatzen digunak.

Zenbateraino izan daiteke umorea transgresiorako edo erresistentziarako bide?

-Izenburuaren bigarren zatian horri egin nahi nion erreferentzia. Autore dezentek esaten dute umorea boterea izan daitekeela, orain arte aipatutako zentzuetan, markatzen digulako zer egin dezakegun, zer ez, nolakoak izan behar dugun eta muga horiek ezartzen dituelako. Baina aldi berean balio duela kontrabotere bezala. Hau da, genero sistemak marka-tzen duen hori iraunarazteko baina bestetik iraultzeko, estereotipo horiek zalantzan jartzeko, horiei barre egiteko zein absurdotasuna markatzeko. Beste norabidean ere baliatu daitekeela eta uste dut azken urteetan feminismoak hori egin duela, baliatu duela umorean ontzat emanda dauden gauza batzuk desmuntatzeko edo zalantzan jartzeko.

"Azken urteetan feminismoak kontrabotere gisa baliatu du, umorean ontzat emanda dauden gauza batzuk zalantzan jartzeko"

Orduan genero sistema arrakalatzeko bidea izan daiteke eta izaten ari da?

-Niretzako umorea arma politiko bat da, gauza da ze posiziotatik erabiltzen duzun eta zertarako. Nire ustez, adibidez, Irantzu Varelaren bideo horiek mezu batzuk transmititzen dituzte beste diskurtso mota batekin eta hain irisgarriak ez liratekeen mezuak, umorearen bidez beste espazio edo pertsona batzuengana iristen dira. Umorea oso lotuta dago irudimenarekin, gauza bera esateko beste modu bat eskaintzen du, sormenarekin lotuta dagoena eta hori oso eraginkorra da.

Umore berrietarantz da azken atala, hausnarketa bat.

-Emakumeoi dagokigu beste hainbat alorren artean umorea geureganatzea eta hastea benetan umorea kontzienteki erabiltzen eta arma politiko bezala.

Azken horretan, etorkizunera begira ze planteamendu egiten duzu? Zelan hartu umore berrirantz abiatzeko bide hori?

-Nik uste dut dena dagoela sortzeko, hori elkarrizketatu batek baino gehiagok esaten zidan, dagoela lur bat orain arte ez dena ukitu eta ez dena umorea sortzeko erabili. Umore berriak, singularrean baino pluralean erabili beharko lirateke, direlako umore mota oso ezberdinak, garrantzitsua da non kokatuta egiten den, nori buruz, ze gai erabiltzen den eta zein ez. Finean, guri ere badagokigula jabetzea esparru hortaz eta saiatzea umoretik egiten gauzak. Azkenean umoreak ez dielako gauzei seriotasuna kentzen, edo zalantzan jartzen zein egoera latz den egunerokotasunean bizi duguna, baina beste hainbat armarekin batera, umoreak ere eskaintzen digula aurrera egiteko bidea.

noticias de noticiasdenavarra