Amaia Zubiria

"Gauzak ondo egiten saiatuko naiz, baina, batez ere, maitatzen utziko naiz"

Amaia Zubiria kantariak Adarra saria hartuko du astelehen honetan, Donostian. Euskal kantu tradizionala gaurkotzen eta euskal zinemagintzan egin duen lana aitortuko diote

21.06.2021 | 12:00
Amaia Zubiria kantariak Adarra saria hartuko du astelehen honetan, Donostian. Euskal kantu tradizionala gaurkotzen eta euskal zinemagintzan egin duen lana aitortuko diote

BERE ibilbide musikala ezaguna den zalantza du Amaia Zubiriak, baina pozik hartuko du Adarra sariarekin egingo dioten aitortza. Sariketaren ostean, kontzertua emango du Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Horretarako, ibilbide musikalean bidelagun izan dituen hainbat musikari gonbidatu ditu, berarekin oholtzara igotzeko. Pozik eta eskertuta dagoela aitortu du: "Ikaragarri maite ditut denak, eta niretzat hori izango da saria".

Adarra saria jasoko duzu gaur arratsaldean. Zure ibilbide luzean, zer suposatzen du sari honek?

-Ba, egia esateko, oraindik ez dakit argi dudan sari honek niretzat zer esan nahi duen. Esan nahiko lukeena bai, badakit; hau da, ibilbide baten adierazpena. Baina ez dakit saria merezitakoa den, ez dakit jendeak irabazlearengandik espero duen eta izan beharko nukeen meritua dudan, gehiago espero duten edo gutxiagorekin konformatzen diren. Ni harrituta nago, orain arte ez baita horrelakorik gertatu. Modu batean edo bestean bai, egin dizkidate omenaldiak, baina sari hau ez nuen ezagutzen eta harriduraz hartu dut.


Beraz, ez zenuen espero saria.

-Ez, ez nekien zegoenik ere, eta harrituta nagoenez ez dakit ondo zer esan nahi duen.

Dena den, aitortza hau pozez eta gustura hartuko duzu, ezta?

-Bai. Uste dut sari nahiko formala dela, erakundeek badutelako ohitura hori. Herri batek demostratu behar du gauzak egiten dituela, eskertzen dituela artisten lanak, zaintzen gaituztela€ Baina benetan ez dakit horrela den. Ia 74 urte ditut eta ez dut sentitu inoiz inor nitaz arduratu denik. Lan eske eta laguntza eske ibili izan naiz beti. Beraz, ez dakit ziur zer esan nahi duen, baina ondo, gustura hartuko dut.


Sari honen atzean eskarmentua duten epaileak badaude. Zerbait izango du zure musikak saritua izateko.

-Beno, nik lan asko egin dudala badakit, eta sortzailea nintzela ere banekien. Baina agian haiek ez. Berandu baldin bada ere, ondo dago egindako lana aitortzea. Gainera, horrek badu beste alde on bat; horrekin batera kontzertu bat ematera gonbidatu didatela. Gainera, kon-tzertua nire modura, nire gustura izango da.


Eta nolako kontzertua izango da?

-Nirekin lan egin duten hainbat musikari gonbidatu ditut egun horretan nirekin batera oholtzara igotzera. Jende askorekin lan egin dut eta haietako asko izango dira kontzertuan. Bestalde kantu txapelketan urte askotan parte hartu izan dut, eta bidean ezagutu ditudan kantari gazte batzuk ere izango ditut alboan. Zertan dabiltzan jakin nahi izan dut eta momentu hori nirekin konpartitzeko prest daude. Horrek poz handia eman dit. Ikaragarri maite ditut denak, eta niretzat hori izango da saria.


Beraz, saria hartzean zure ondoan izango dituzun horiek saritu nahi dituzu nolabait.

-Hori bera, nik baino hobeto azaldu duzu. Guk egiten dugun lana bakartia da askotan, eta krudela. Sortzean artistok sufritu egiten dugu, baina, sortu ostean, konponketak egin eta lana doitzen denean, gauzatzen denean, emaitza talde guztiarena da. Azken batean, beraiek egin dutena da gehiago edertu eta balorean jarri nik egindako lan xumea. Hori guzti hori eta beti prest egotea asko balora-tzen dut.


Saria hartuko duzu euskal kantu tradizionala gaurkotzen eta euskal zinemagintzan egindako lanagatik.

-Bai, baina ez dakit zenbateraino ezagutzen duten nire lana. Badakite kantu tradizionalekin lan egin dudala, aspaldi grabatuak daudelako. Baina orduz geroztik, kantu dezente egin ditut, eta saria jasotzerakoan emango dudan kontzertuan nire kantuak emango ditut, bat edo bi ezik. Ezezagun samarrak direla oso kontzientea naiz, baina egoera hau eta eman didaten aukera hau probestu nahi dut kantu horiek ezagutzera emateko.


Ibilbide luzea duzu, eta sari hau jasota bide bat amaitzear dagoela esan izan duzu. Zergatik?

-Amaitzear dago baina ezin jakin bide horrek zein norabide hartuko duen. 1977an profesional bezala hasi nintzenetik gaur egunera arteko bideari amaiera eman nahi diot.

Eta bide hori amaituta, zer dator?

-Ba ez dakit ziur. Makalik egon naiz eta badirudi ahotsa berreskuratu dudala berriro. Gainera, sariaren kontuarekin berriro ere dei- tzen hasi zaizkit, kontzertuak emateko.


Aro berri bati zabalik zaude, beraz.

-Bai. Orain, baina, ez daukat horren beharrik jateko. Orain arte bokazioa izateaz gain lanbidea ere izan da. Orain, erretiratuta, ez dakit nire bizitzak zein norabide hartuko duen. Ikusiko da, orain arteko ibilbidea polita izan da.


Eta emankorra. Txomin Artolarekin eman zenituen ibilbide horretan lehenengo pausoak. Nola gogoratzen duzu garai hura?

-Gaur balitz bezala. Oso polita. Ni sufritzen ari nintzen, beste arrazoi batzuk medio, baina musikaren munduan Txomin Artolak deskubritu ninduen. Talde bat egin nahian zebilen, ahots baten bila, eta ni entzundakoan taldeko kantaria izatea proposatu zidan. Ederra izan zen, eta 1977an kaleratu zuen Haizea taldeak bere lehenengo diskoa.

Eta sasoi hartako Amaiarengandik ezer gera-tzen da?

-Bai, nik uste baietz. Oso antzekoa sentitzen naiz, sosegatuagoa agian, baina ondo. Gustura egoten naiz oholtzan, sentitzen dudana idatzi eta kantatzen dut, eta amesten dut beste norbaiti ere balioko diola esaten dudana. Batzuetan egiaztapen hori ere izan dut. Holako gauzek ematen dizute jarraitzeko indarra.


Hainbeste disko kaleratu dituzu, lan oparoa izan da zurea. Batzuk taldean, beste batzuk bakarka. Bat edo beste al duzu gogoko?

-Denak. Egin izan badut egin nahi izan dudalako izan da. Eta ahal izan dudalako, norbaitek horretarako aukera eman didalako. Egia esan, hori izugarrizko zortea da. Egoera prekarioan bizi eta musikak jateko beste emango ez dizula jakin arren, norbaitek zure alde apustu egitea eta egin ahal izatea ere asko da. Nire musika apurka-apurka sortu eta joan da saltzen.

Eta urte hauetan guztietan egin duzun lanari zerbait falta izan zaiola uste duzu?

-Seguruena bai, pertsonak oso mugatuak garelako. Inori ez zaio falta egin dugun lana edo musika baina, egon izan ez balitz, seguru horren falta izango luketela.


Eta zure ibilbidean, egiteko zerbait geratu zaizu?

-Zorte handia daukat, eta hori diot nire eginkizuna ez delako izan fama izatea. Hori oztopo bat izango litzatekeela uste dut. Baina lanak dira horren edertasuna. Zure lanak norbaiti zerbait ona ematen badio, hori da arrakastarik sakonena, hori izan da nire nahirik handiena, eta hori bete egin da hainbat alditan.


Dena den, musikan aritzea eta musikatik bizimodua ateratzea ez da lan erraza izango.

-Ni pozik nago egindakoarekin. Lana da, baina artea ere bada. Sortze prozesuan sufritu arren, zerbait ateratzen zaizunean pila bat disfrutatzen duzu. Gustura geratzen naiz eta plazera hartzen dut.


Eta egindakoarekin gustura geratzea garran-tzitsua da.

-Hori, gutxienez, polita da. Sakonduz gero, ederra da. Atzera begiratzea eta egindakoarekin ez lotsatzea eta, zenbaitetan harrotzea ere bai. Nik neuk miresle bat badaukat, ni neu naiz nire mireslea. Asko maite dut nire burua.


Inguruan ere sumatuko duzu zure musika maitatua dela.

-Aspaldi eta askotan, jendeak ez du ezagutu egiten nuena. Auzokoek bazekiten kantaria nintzela eta telebistan ateratzen nintzela, baina ez zuten nire lana ezagutzen. Irratian eta telebistan lan asko egin dut, eta orain ere musikari asko horrela ibiltzen dira. Hala ere, telebistan ateratzeak ez zuen esan nahi jendeak bazekiela zein zen nire musika. Batzuek bai, noski. Publiko fidela izan dut beti, entzuten dakien publikoa. Batzuk zaharragoak eta beste batzuk gazteagoak, baina gehienetan pertsona berberak. Gazteekin ere lan egin izan dut, gainera. Tokatu zait eskoletara joatea, nire lana eskola ikasleei azaltzea, eta hori oso atsegina izan da. Nekeza, baina polita aldi berean. Klase hasieran arreta galdu arren, interesa erakusten zuten azkenean.


Pandemiak eraginda, edukiera mugatuarekin emango duzu kontzertua ekainaren 21ean, Victoria Eugenian. Zergatik izango da berezia?

-Euskadin dauden musikaririk onenetako ba-tzuk egongo dira, maila handiko musikariekin joko dut. Eta horien artean, nik ahal dudana egingo dut. Gauzak ondo egiten saiatuko naiz, baina, batez ere, maitatzen utziko naiz. Ezagun asko eta lagunak ere han izango dira. Egia da edukiera mugatua izango dela, baina ari dira sarrerak saltzen. Eta modu horretara ni agurtu egingo naiz.


Agurtu, betirako?

-Ez, betirako ez da izango. Aurrerantzean ere zerbait egiteko aukera badut egingo dut, nire burua ezagutzen dut eta badakit nolakoa naizen.


Beraz, atseden bat izango da.

-Ez dakit, agian bi egunekoa izango da. Izan ere, Zarautzetik eta Soriatik deitu didate kon-tzertuak emateko eta nahiko nuke joan. Izan ere, Sorian urtero egiten dute beste herrietako kulturak ezagutzera emateko jaialdia, eta aurten Euskadi aukeratu dute. Atxaga, Ruper Ordorika eta beste hainbat kantari egongo dira han, eta posible badut ni neu ere han izango naiz. Aukerak atera zaizkit eta aprobetxatu nahiko nituzke

noticias de noticiasdenavarra