IRAILA, eskolara buelta€ Koaderno eta boligrafo berriak erosteko garaia... eta musikazaleentzat? Bada, kurtsoarekin zetorren musika aretoetara buelta, jaialdiak alde batera uztekoa€ Baina azken aldian, ez bata ez bestea. Zeri esker hartuko ditugu indarrak berriz goizean goiz jaikitzeko, kirola egitera bueltatzeko edo zabor-jana gure eguneroko elikaduratik baztertzeko? Eseritako kontzertuek gogoekin uzten bazaitu, gure Soinutopiako izkina xumetik diskotzar batzuk gomendatuko dizkizugu.

Dakizuenez, lau disko aukeratzea ez da lan erraza melomano batentzat. Ez dira onenak, ezta berrienak ere. Izan ere, album berri asko atera da azken aldian: Turnstile hardcore taldearen lan berritzailea, For Those I Love Ingalaterrako raperoaren disko hunkigarria, bere buruaz beste egin zuen lagun minaren omenez... Baina hemen interesgarri iruditzen zaizkidanak bildu ditut: iraultzaileenak, dibertigarrienak€ eta baita morbo handiena dutenak ere. Beraz: disko hauek balio dute lan ostean amorrua ateratzeko, baina baita bulegoko elkarrizketetan guaiarena egiteko. Beraz, igo ezazu bolumena eta goazen ikasturte berria leherraraztera!

"Donda"

Kanye West (2021)

Kanye West rapero estatubatuarrak ez ditu sare sozialak sarri erabiltzen, baina ez zaio askorik falta mundu erdia berari begira jartzeko. Hala egin du behin eta berriz diskoaren argitalpen data aldatuta. Edo berak bakarrik ordaindu ditzakeen entzute jai oparoetan emaztearekin ezkontza botoak berresten. Letretan inspirazio handirik gabe, kristautasunetik eta bere kulebroi pertsonaletatik material arina ateratzeaz bereiz. Instrumentaletan nahiko melankoliko agertzen da, 808 & Heartbreak-en antzera. Gospel diskoaren hondarren bat ere badago, eta bateria oso gutxi. Baina ez, Kanye ez da aldatu. Betiko sasi-faxista bipolarra da. Ez pentsa diskoa amari dedikatzeagatik bat-batean genero ikuspegia birplanteatuko duenik. Izar handien (Travis Scott edota Marilyn Manson) kolaborazioz gainezka dagoen lan batean, emakumezkoen presentzia ia ikusezina baita, sampler bat eta pare bat lerro kenduta. Agian gure errua da beti Yeezus berri bat itxaroteagatik.

"Hiruzpalau amets larri"

Tatxers (2021)

Nafar hirukote honek argi du ez duela betiko musika estandarra egin nahi. Begia Erresuma Batuan jarrita, baina sustraiak ahaztu gabe, Garaipen kutrea lehen lana autoekoiztu zuten 2020an. Hala, Sham 69 zein Zaramaren zantzuak aurki zitezkeen haien doinuetan. Baina bigarren lan honetan estiloa finkatu dute. Hiruzpalau amets larri borobila da, bai melodia eta erritmoen aldetik eta baita letra aldetik ere. Gitarra zorrotz baina garbiak, baxu jostalaria€ eta testu bikainak. Belaunaldi prekarizatu eta prestatu baten isla, larri baina itxaropen-tsu. Kontzertuetan ukabila altxatuta birikak uzten kantatzeko errepika horietakoak. Ziurrenik egoerak edo inguruak bultzatuta, talde ilunez gainezka baitago ingurua: Arrotzak, La Rekba, Pogrom€ Ia kontuak pandemia garaiak bukatu bitartean irauten duen zuzenean behar den bezala gozatzeko. Eta itxaroten dugun bitartean€entzun ditzagun diskotzarrak!

"Teen years of pop"

Elbis Rever (2021)

Bilbo eta Japonia konektatzen dituen duo artistiko eta bitxia da Elbis Rever. Euren inguruan sortzen den guztiak lilura sortzen du mainstreama undergrounda bezain interesgarri ikusten dugunontzat. Beti erdibidean: Eskorbuto bezain punk, Taylor Swift bezain popero. Estiloek ez dute garrantzirik disko honetan, baina laguntzearren: interneten Tumblr batetik bestera salto egitea modukoa. Crystal Mine zigiluak zintan argitaratutako lan honek proiektuaren abestirik famatuenak dakartza barne, hala nola Sad eyes. Baina berriagoak ere aurki ditzakegu, diskoak hamar urtetako lanak biltzen baititu. Alba eta Natalia 2007an hasi ziren musika egiten eta gerora munduko bazter askotan egin dituzte haien zuzeneko kaotiko, dibertigarri eta lizunak. Beti estetika eta agertokia oso zainduta, New Yorken zein Bilbo Zaharreko lonja batean aurki ditzakezu, baina inoiz ez dago argi noiz den performancea, interneteko sareetan abiatuta eta aurkezten diguten lan honetara arte.

"Visión de futuro"

Finale (2020)

Valentziako talde gazte honek punk maitaleen itxaropen guztiak berpiztu ditu. Barrabaskeriak, erritmo apurtuak, gitarra garra-tzak eta baxu jostalariak. Visión de futuro abesti homonimoarekin hasten da, eta hori entzunda ez dago dudarik zer aurkituko dugun disko arin eta dibertigarri honetan: punk burutsu zein inozoa, serioa baina brometakoa. Edo haiek dioten bezala: punk kinkia. Pepeten ahotsa da lehen entzunaldian gehien harritzen duena, tonu agudo eta olgetariagatik. Baina askoz gehiago dago hainbatek desegokitzat joko duten ahots desafiatzaile horren atzean: testu ironiko, unibertsal eta hunkigarriak, betiko punk topikoetan erori gabe. Bitartean, gitarrak orain urratuta, orain detaile txiki eta erritmikoz baxua jarraituz, eta dupla erritmiko itzela egurra ematen. Kontuz, zuzenekoetan jarrera aitzakiarik gabe defendatzen dute-eta!