Gartxot, inoiz baino bereago

14.03.2022 | 18:06
Argazkian, Gartxot Unsain "Ghau".

Proiektu berriari ekin dio Gartxot Unsain artistak "Ghau" izenpean. "Nora(ez)eroso" izeneko EPa kaleratu; adierazi duenez orduen eta pasioaren fruitu da Egiakoaren lehen bakarkako lana

Musikari etiketak ez dio grazia berezirik egiten Gartxot Unsain "Ghau"-ri (Egia, Gipuzkoa, 1987). Baina, egiari zor, merezia du urteetan egindako lanagatik bada ere: Madeleine, Bananas, Grises, Bi zaldi eta Gartxot izenen atzean dago edo egon da egiatarra, beste batzuen artean. Horiek ez ezik, kolaborazio ugari egin ditu irratian, beste taldeentzako letrak eginez eta beste hainbeste proiektutan ere. Musikak inguratu du gaztetatik: "Unibertsitate garaitik talde askotan ibili izan naiz ia etenik gabe, baina beti ere, gertukoen talde-dinamikan". Urte berriarekin batera ekarri du bere estreinako bakarkako lanaren emaitza: Nora(ez)eroso. Sei kantuk osatzen dute album laburra, eta Ghau izena hartu du proiektu berrirako.

Abenduan aurrerapen kanta kaleratu zuen arren, 2018an ekin ziola azaldu du Unsainek: "Kutxakulturrek lehiaketa bat zuen, sari gisa, lokal bat zuena. Aurkeztu era irabazi genuen". Genuen. Izan ere, hasiera batean Jon Ornarekin batera osatzen zuen proiektua. Lokala aitzaki baina, era berean, barruko beharrei erantzuteko asmoz jarraitu zuen: "Taldean zaudenean ez duzu horrenbesteko argibide eta askatasun estilistikorako espaziorik".

Pandemiaz geroztik, gero eta bereago sentitzen hasi zela gehitu du, bere eguneroko jarduna horretan eman baitu azken urteetan: abestiak egiten. Abesti horiekin lotura handia sentitzen, eta disfrutatzen aritu da azpimarratu duenez, eta nolabaiteko "ahalduntze" bat izan dela ondorioztatu.

BAKARRIK EZ

Bakarkakoa da lana, baina jende askok inguratu du abestien produkzioan, zein gerora. Hain justu, kolaboratzaileetako batzuk dira Jaiotz Osa eta Xabier Mujika dantzariak. Azken horien aurreko proiektu baterako elkarlanean aritu ziten Gartxot eta Osa + Mujika konpainiakoak. Harreman onaren ondorioz, bueltan etorri zaizkio orain "laguntasun profesional bat baino gehiago" sortu dutelako. Kantu bakoitzari bideoklip bana egin die eta guztietan errepikatzen dira espazioa, estilismo antzekoa dantzaz lagundutako irudiak.

Ildo horretan, esan daiteke proiektuarekin ase duela bere nahietako bat: diziplinartekotasuna. Erronka gisa ezarri zuen ahalik eta zabalena izan zedin: "Musika eta ikus-entzunezkoak orain elkarrekin ulertzen direla esaten da. Nik beste alor batzuk gehitu nahi nituen". Hala bada, ohi bezala konposatzen eta produzitzen ez ezik, dantzan eta antzezten jarri du bere burua Unsainek ere -horretarako errepikak eta orduak saldoka behar izan dituela aitortuta. Artean jorratutako alor den-denei atera nahi izan die bere zukua, bere barrenetik ateratako proiektu "borobilena" egin asmoz.

Hitza da, ordea, Gartxoten espezialitatea. Irratirako kolaborazioetan edo Youtubeko bideoetan trebezia erakutsi izan ditu lehenago ere. Nola ez, hain beretik duen Ghau-k halabeharrez behar zuen abileziaren erakustaldi: noraez eta ezeroso hitzak nahasteko jolasetik hasita, OK edo KO abestiaren izenean edo bere izen artistiko berrira ekarrita: "[Jon] Ornarekin nenbilenean jarri genion izena, eta gau hau, hitzetatik eratorritakoa da". Hala ere, beste adiera bat izaten bukatu du, pertsonalagoa: Gartxot Hau. "Oinarrizko gauzetan oinarrizko ezagutza badut, baina hitza da erosoen sentiarazten nauen da eta gehien gustatzen zaidana".

Txikitatik izan du erraztasuna idazteko eta bere "izatearen isla" horri esker, hogeitamarren bueltan, oraindik ere, jolasti jarraitzen du hiztegiari bere onena ateratzeko. Gainera, euskararen formari erreparatu eta erabilita, horren alde eta horren mesedetan eragin daitekeelako ustekoa da.

ALDENDU BAINO, GERTURATU

Estiloa ez da oztopo izan orain arte artistarentzat. Funk, pop edo sintetizadore soinuetara "gerturatu" dela esan du. Azpimarra jarri du gerturatzearen ideian, ez baititu besteak alboratu; Grisesen eta Madeleinen jarraitzen du, esaterako.

Hitzekin batera, pertsonalagoak sentitu dituen moldeak landu nahi izan dituela jakinarazi du, iturri askotatik edaten duen estiloan: "Euskal musika tradizionala, rocka, psikodelia, popa€ " aipatu ditu batetik "Anari, Odei Barroso, Sen Senra, Bon Iver, Daft Punk€ " artista jakinei dagokienez, bestetik. Ez du espezifikatu nahi izan estilo eta izenekin eraginei buruz galdetzean. "Positibotik2 eragina izan duten artistak ditu maite, "bere burua leku ezberdinetan kokatzen direnak".

Gainera, Egiakoa ez da oso musika sailkatu zalea. Hala eta guztiz ere, poparen borobiltasuna izan du hizpide, soinuagatik bainoago, beste alderdiengatik: teknika, egitura, letra€

Zuzenekoan lanean dabil orain. Ez du, ordea, gehiegi aurreratu nahi izan: "Orain arteko lanaren segida bat izango da". Entzuleek misterioa urtearen erdialdean argitu ahal izango dutela iragarri du, eta kantuak "abiapuntu" izango dituen boloa izango dela.

noticias de noticiasdenavarra