Mugimenduari irekitzeko ariketa

Mende laurdena betetzen duen honetan, lan berria estreinatu du Aukeran Dantza taldeak: "Migratzaileak". Bilboko Loraldia Festibalean eskainiko dute emanaldia, datorren martxoaren 25ean

21.03.2022 | 18:06
Argazkian, "Migratzaileak" dantza emanaldiaren une bat.

Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean, lan berria estreinatu du Aukeran Dantza Taldeak: "Migratzaileak". Martxoa hasieran egin dute aurreneko emanaldia, Donostiako DFeria arte eszenikoen azokan. Konpainiak 25 urte betetzen ditu aurten eta zuzendariak azaldutakoaren arabera, ibilbidea oso "emankorra" izan da. Urte horietan profesional mailako koreografo, dantzari, gidoigile eta eszena zuzendari ezagunekin lan egiteko aukera izan dutela azpimarratu du. Izan ere, hamabost ikuskizun taularatu dituzte Euskal Herriko antzoki "esanguratsuenetan", baita atzerrian ere: Filipinetan, Argentinan, Uruguaien, Washingtonen, Frantzian, Alemanian...

Koreografo euskaldun berrientzat sustatutako diru-laguntzaren babesari esker sortu zen konpainia 1997an. Aukeran izeneko hamar minutuko koreografiak lortu zuen aipatutako saria, eta 80 emanaldi baino gehiago eskaini zituzten. Zuzendariak aipatu duenez, ikuspegi "berritzailea" proposatu zuten, dantza tradizionalaren urratsak abiapuntu hartuta, beste hainbat diziplina uztartuz.

Mende laurdena ospatzeko aitzakiarekin, Migratzaileak sortu dute. Lan honetan ere hasiera-hasierako filosofiari eutsi dio konpainiak: "Sustrai tradizionalak abiapuntutzat hartu, berrikusi eta eguneratu egin ditugu, lengoaia esperimentalaren bidez".

2022ko martxoan estreinatu badute ere, orain dela bi urte bururatu zitzaien azken lan hau osatzeko ideia. Aukeran Dantza Taldeko kide bat Kenyara joan zela kontatu du Muruamendiarazek, bertako umezurtz-etxe batean laguntzera. Herrialde eta etxe hartan bizitako esperientziak eta han zegoela sentitutako emozioak partekatu zituen konpainiako gainerako kideekin, eta migrazioaren gaia lantzen hastea erabaki zuten.

Prozesuan zehar, eta gidoilariaren bidez, Yoro izeneko migratzaile senegaldarra ezagutzeko aukera izan dute. Piezan kontatzen edo dantzatzen dutena hobeto ulertzen lagundu die horrek. Sortze-prozesua, hortaz, Kenyara egindako bidaia horretan izandako sentipenetan oinarritu dela azaldu du, "baita konpainiako kideok geure buruari eta ikusleari egin dizkiogun galderetan ere".

MIGRAZIOA MUGIMENDUA DA

Muruamendiarazek kontatu duenez, lan honen bidez emozioak eta galderak sorrarazi nahi dituzte publikoarengan. Zehazki, mugimenduari irekitzeko ariketa bat proposatzen dio konpainiak publikoari. Izan ere, migrazioa mugimendua dela azaldu dute, eta mugitzea, gorputz bat lekuz aldatzea: "Lekuz aldatzean gorputzaren barruko guztia mugitzen da harekin: ametsak, beldurrak, minak eta itxaropenak".

Zentzu horretan, mugimendua jasotzeko gorputzek irekitasuna behar dutela diote. Hortaz, emanaldia ikustera animatzen den publikoari gogoa, kuriositatea eta gorputza irekitzeko gonbitea luzatu dio dantza konpainiak.

Horretarako, atrezzo elementu handirik ez duela esan arren, lan honek dituen eszenografia baliabideek ikuskizuneko pasarteetan barrena garamatzatela azaldu du Muruamendiarazek. Baliabide horiak dira argiztapena (Carlos Solano), gidoia (Oier Guillan), jantziak (Oscar Armendariz), off-eko ahotsak, musika (Xabi Aburruzaga) eta, noski, zortzi dantzari: Ane Anza, Ane Etxeberria, Unai Iraola, Maier Muruamendiaraz, Nahikari Sanchez, Uxue Sanchez, Danel Serrano eta Claudia Talavera.

Dantza estiloari dagokionez, gaur egun ere, orain dela 25 urte sortutako "esentzia" mantentzen dutela azaldu du zuzendariak: "Dantza diziplina ezberdinak uztartzen ditugu, hau da, dantza tradizionaletik abiatuta, gure dantza-mèlange estiloa sortu dugu, konpainiaren nortasun-ikur bihurtu dena".

LORALDIAN

Martxoaren 12 eta 13an Donostiako DFeria arte eszenikoen azokan izan ostean, bihar Urnietako Sarobe arte eszenikoen zentroan egongo dira. Horrez gain, konpainiak "Migratzaileak" emanaldia eskainiko du datorren martxoaren 25ean Bilboko Loraldia Festibalean. Sormenari lekua ematen dio euskaraz sortzen diren kultur adierazpenen festibalak. Dena den, hortik aurrera ere, lanak ibilbide luzea izatea espero duela adierazi du Muruamendiarazek eta oholtza gehiagotatik igarotzea.

AUKERAN DANTZA KONPAINIA

Aukeran Dantza Konpainia Donostian sortu zen, 1997an, Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez. Dantza tradizionalaren eta garaikidearen mestizajean oinarritzen dira konpainiaren lanak, zenbaitetan musika eta dantza tradizionalaren erritmo bizia hautsiz.

Mende laurdena bete du dagoeneko, eta ez dira gutxi denboran zehar eskaini dituen emanaldiak. Zehazki, "Aukeran", "Sutargi", "Izena duen guztia omen da", "Bideak", "Aukeran 10 urte", "Gernika", "Burnia", "Geltokia", "Fusioak", "Maurizia", "Aukeran 20 urte", "Maurizianaz", "Biz hitza", "Hurrengo geltokia" eta 2022an estreinatu duten "Migratzaileak" izeneko lanak sortu ditu konpainiak azken 25 urteotan.

noticias de noticiasdenavarra