Bigarren eleberria kaleratu berri du Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, Lapurdi, 1994) idazleak. Igartza saria irabazi zuen joan den urtean eta 'Ez erran inori' eleberria izan da sari horren emaitza. Idazleak adierazi du, akuilu bat izan dela saria baino gehiago. Hala, oso gertutik bizi izan zuen sexu abusuen gaia azaleratu eta isiltasuna apurtzeko baliatu du aukera. Hain zuzen, Lideri, istorioko protagonistari, haurtzaroan sexu abusu bat bizi izanak piztia bat sortuko dio eta kontakizunaren hasieran piztia hori esnatu egingo da. Liburuaren azala Garazi Conde diseinatzaileak egin du.
Esan daiteke oximoron bat direla liburuaren izenburua eta liburua bera. Lehenengo bultzada, nagusiki, pertsonala da; nik ere haurra nintzela sexu abusu bat pairatu nuen eta gaiarekiko nolabaiteko obsesio bat izan dut. Mina ematen zidan gai bat zen, ulertu nahi nuen zerbait. Nahiko gaztetatik hasi nintzen gaiaren inguruan irakurtzen eta informazioa bilatzen. Bestalde, idaztea beti izan da niretzat oso baliagarria, balio izan dit nire burua hobeto ulertzeko edota arazoak nituenean nonbait islatzeko. Bi alderdiak elkartu eta gaia pixka bat sakonago landu nahi nuela erabaki nuen, baina fikzioaren bidez. Ez nuen nire testigantza eman nahi, gaiari buruz eginda neukan dokumentazio lana baliatuta beste istorio bat asmatu dut. Fikzioak ahalbidetu dit nire esperientzia propiotik urruntzen eta aukera eman dit gauzak beste modu batera ulertzeko.
Sexu abusuen errealitatea oso anitza da eta bakoitzak aurkitzen ditu bere bideak sufrimenduari aurre egiteko. Lideren kasuan gaztaroan hasiko zaizkio oroitzapenak, min handiegia emango dio hori oroitzeak eta berak eskura dauzkan baliabideetan hartuko du babesa. Bakartu egingo da, lagunak aldatuko ditu, eta beste hainbat elementu azalduko dira.
Elizari lotutako erasoak dira gehien aipatzen direnak eta garrantzitsua da azaleratzea badutelako karga gehigarri bat: eliza bezalako erakunde batek babestu ditu. Alta, estatistikek esaten dute haurtzaroko sexu abusuen gehiengoa ingurune hurbilean egindakoak direla eta nahiz eta azkenaldian gero eta gehiago hitz egin oraindik tabu handi bat dago gaiaren inguruan. Hain zuzen, hemen ere beste instituzio inportante bat dagoelako: familiarena. Oso instituzio indartsua da eta horregatik dago hainbesteko zailtasuna isiltasun hau puskatzeko.
Eragin dit bereziki liburua nola aurkeztu nahi nuen pentsatzen ari nintzen garaian. Ez neukan oso argi nik ere sexu abusu bat jasan nuela esan nahi nuen, azkenean erabaki nuen baietz, iruditzen zitzaidalako sinesgarriagoa zela abiapuntua azaltzea baina baneukan kezka bat. Egun ere badut kezka bera: nire inguru hurbilak nola begiratu edo ea epaituko nauen hala zerbait bizi eta publikoko esateagatik. Oraindik ez gaude ohituak halako kontuak entzutera eta liburua argitaratu berritan sumatzen dut isiltasun kurioso bat inguruan. Era berean, normala dela iruditzen zait, askotan ez dakigu nola galdetu halako zerbaiti buruz.
Gustatuko litzaidake hala izatea. Egun gutxi igaro dira liburua aurkeztu nuenetik eta jada etorri zaizkit zenbait esanaz: "niri ere gertatu zitzaidan". Hala ikusten duzu arazoak zenbateko hedadura daukan eta zein garrantzitsua den gaia plazaratzea. Askotan bakarrik sentitzen gara halako arazo baten aurrean, baina ez zarela bakarra ikusterakoan aurre egin diezaiokezu halako erasoek ematen dizuten erruduntasun sentimendu eta isiltasun horri.
Idazten nuen bitartean Lideren pertsonaiaren barruan sartzen nintzen eta berak sentitzen zuen min hori deskribatzeak, nik ere min hori sentitu eta oroitzea ekartzen zidan. Horregatik, nahiz eta idazten nuena fikzioa izan idazkera prozesua mingarria egin zait momentu askotan. Baina aldi berean oso sendatzailea izan da eta esango nuke erresistentzia eta ahalduntze ariketa bat ere izan dela.
Ez neukan inolako intentziorik, gehiago izan da nik barnean neukan gogo eta beharretatik abiatutako zerbait. Aldi berean kontziente naiz izan daitekeela lagungarri gaia hobeki ulertu nahi dutenentzat edo halako zerbait bizi izan dutenentzat. Niri behintzat nire prozesu propioan oso lagungarriak egin zaizkit gaiari buruz aurkitu ditudan askotariko liburu, podcast, pelikula edo dena delakoak. Hain zuzen, eleberrian zehar egiten dira erreferentzia batzuk. Zentzu horretan lagunduko balio irakurleari ere poztuko nintzateke.
Lo último |