iaz, 2022ko urrian Etxarriko Andra Mari Ikastolak lekukoa hartu zuen Tafallan eta harrezkero, urte bete daramagu HOTSEIN leloa denon ahotan.

Andra Mari Ikastola, Nafarroako gainerako Ikastolak bezala, herritik sortu zen gizarteak zuen behar bati erantzuteko: euskararen berreskurapena hezkuntza sistema berri baten bidez. Publikoaren oinarria HERRIA da; herriarena, guztiona, komuna dena, erkidea, interes orokorrekoa, agerikoa, gardena, denontzat erabilgarria eta irekia dena. Hots, herriaren zerbitzura dagoena. 

Eta gaur ere Ikastolek egiteko hori betetzen jarraitzen dugu eta etorkizunean ere betetzen jarraitu nahi dugu, Euskal Herri osoarentzako hezkuntza sistema propio bat eraikiz herrigintzatik, elkarlan kolektibotik, auzolanetik, erantzukidetasunetik. Irmoki sinesten baitugu herritarrok, gurasook, ikasleok, langileok eta eragileok ditugun erronkei eta beharrei era antolatuan erantzuteko dugun gaitasunean. 

Europak 200 hizkuntza propio baino gehiago ditu, 24 hizkuntza ofizial eta 60 eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza.

Irailaren bukaeran, Europar Batasunak Hizkuntzen Europako Eguna ospatu berri du, kontinente horretako biztanleek hainbat hizkuntza etengabe ikastea helburu duen ekimena.

Hizkuntzen Europako Egunaren ospakizunak Europan ezarri nahi duen helburu nagusietako bat da herritarrak kontzientziatzea hizkuntzek tresna profesional eta kulturarteko gisa duten potentzial handiaz. Izan ere, tresna horrek, munduan enplegu-eskaintza berriak eskuratzeko aukera emateaz gain, herritar global bihurtuko lituzke, baizik eta herrialdeen kultura zaintzeko eta etorkizuneko belaunaldietan haien iraupena ziurtatzeko modu gisa.

Andra Mari Ikastola egiteko horren lekuko da; duela mende erdia baino gehiago erakutsi zuen herri izateko borondatea eta orduz geroztik darama euskara eta euskal kulturaren hauspo izaten Sakanan, kalitatezko hezkuntza eskainiz, eta lan horri esker, euskarak Etxarrin eta Sakanako beste herri askotan duen presentzia irmoki sustraitu da.

Gainerako Ikastolak ere , egoera soziolinguistiko ezberdinetan egon arren bokazio bera dute eta gure artera bizitzera etorri diren etorkinentzat ere ateak irekita dauzkate, badakigulako ikasle hauen eta bere familien benetako integrazioa errazago emango dela euskaratik, gure kulturan kulturartekotasuna, errespetua , ezagutza eta elkarri laguntzea balio sendoak direlako.

Gizarte kohesionatuago, berdinzaleago eta justuago batetan sinesten dugulako, herritarrak erdigunera ekarri behar dira eta haien arteko bereizkeriak eragingo ez dituen araudi berria behar dela garbi dugu, euskarari estatus ofiziala emanez. Gizartea beti joan da Legeen aurretik eta Ikastolok ere gizarteko eragile garen heinean, Hizkuntza-Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 12. artikuluan esaten dena: “Gizaki orok eskubidea du, alor publikoko jarduera guztiak bere hizkuntzan egiteko, baldin eta lurraldeko hizkuntza propioa hori baldin bada” aldarrikatzen jarraitzen dugu. Horregatik eskatzen dugu herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak bete daitezen eta Euskal Herriko Iparraldean euskaraz ikasi duten gazteek ere Baxoa eta Brebetako azterketak euskaraz egiteko eskubidea izan dezaten.

Euskal Herri osoko Ikastolak, VII Batzarraren prestaketa lanetan murgilduta gaude ikastolen etorkizun hurbilerako helburuak finkatuko dituen Batzarra, hain zuzen; gure seme-alabentzat eta Nafarroako eta Euskal Herri osoko gizartearen behar berriei erantzun koherentea eta sortzailea emateko asmoarekin. Eta hori guztia denon artean definitu dugun pertsona ereduarekin lerrokatuta; pertsona eredu horrek bost bereizgarri hauek izango ditu: euskalduna, ikasle kooperatiboa, barne sendotasuna duena, erabakitzaile-ekintzailea, eraldatzailea eta kooperatiboa ; hauek 18 ezaugarritan zehaztuz.

Euskal Herriko ikastolek ia 60 urte daramatzate gizartearentzat hezkuntza eta eraldaketa gune izaten, euskararen normalizazioaren aldeko konpromisotik abiatuta. Pilatutako esperientzia handia da, baina gizarteak planteatzen dituen erronka berriei erantzuteko dugun bokazioak pentsarazten digu gure mugimendua gizartearen eta kulturaren eskaera horietara egokitzen jarraitu behar dugula. Plangintza estrategikoa funtsezko tresna da Ikastolen Elkartearentzat, hobeto hezitako gizarte euskaldunago baten konpromisoarekin. Euskal Herriko ikastolek egindako hausnarketa estrategikoa Plan Estrategiko berrian zehaztuko da eta datozen zortzi urteetan jarduera gidatuko duten ildo estrategikoak nabarmenduko ditu. Ikastolak komunitate berritzaileak dira, gizarte-premiei erantzuteko sortuak, euskara gero eta globalagoa den gizarte batean nola normalizatu, nola antolatu gure gizarteak modu bidezkoagoan eta demokratikoagoan, nola bermatu gure munduaren iraunkortasuna eta aniztasuna, nola lortu pertsona bakoitzak bere nortasun indibidual eta kolektiboa garatzea...

Etengabe berritzen ikusten ditugun baso ikusgarriz inguratuta dago Sakana, ikastolak ere etengabe eraldatzen ari gara, beti gizartearen eskarien zerbitzura, hau ere etengabe eraldatzen baita. Badakigu zuhaitz bakartiak errazago botatzen dituela haizeak, horregatik egiten dugu lan ikastolak zuhaitz ezberdinez osatutako basoak izan daitezen, batu, integratu eta ekarpenak egiten dituzten kooperatibak, elkarrekin eta elkarrekin gure ametsak egia bihurtzeko gai izango garelako.

Horregatik, HOTSEIN Etxarrin, HOTSEIN Nafarroa osoan!!!

Nafarroako Ikastolen Elkarteko Lehendakaria