Udako beroarekin batera, sukaldean denbora pasatzeko gogo gutxi eta janari arinagoen beharra iristen da. Eguraldi beroak ez du otordu astunik eskatzen, eta plater fresko eta arinak bihurtzen dira aukerarik desiratuenak. Testuinguru horretan, entsaladek indarra irabazten dute gure dietan: koloretsuak dira, osasuntsuak eta ia amaigabeak diren konbinazioen bidez egin daitezke.
Gaur egun, entsaladek bigarren mailako plater bat izatetik (hau da, haragiaren edo arrainaren lagungarri soil izatetik) plater nagusi orekatu izatera egin dute jauzi. Barazki eta hosto berdeekin hasten diren errezetetan, proteina, fruta, lekale eta koipe osasuntsuak sartuz, otordu oso eta elikagarri bihur daitezke.
Horrez gain, prestatzeko erraztasuna, aukera amaigabeak eta sasoiko osagai freskoak izateak egiten du entsalada uda garaiko aliatu ezin hobea. Hala ere, ohikoa den ustea da entsalada beti osasuntsua dela, eta ez da beti horrela. Badira ere arriskuak: osagaien aukeraketa desegokiak, saltsa industrialak edo oreka falta nutrizioan.
Entsaladen onurak
Entsalada aspaldi da osasunarekin lotzen dugun plateretako bat. Baina, zergatik dira hain onuragarria?
Lehenik eta behin, entsaladak definitu behar baditugu, elikagai freskoen konbinazioz sortzen diren plater anitzak dira. Oinarrian, barazkiak eta hosto berdeak izaten dituztenez (letxuga, espinakak, rukula…) zuntz ugari eskaintzen dute. Zuntzak digestioa errazten du, eta asetasun sentsazioa luzatzen du.
Bestalde, entsaladek aukera paregabea eskaintzen dute mantenugai anitz modu naturalean hartzeko, besteak beste, B bitamina, azido folikoa eta mineralak (burdina, magnesioa…). Hauek, hosto berdeen bidez hartzen ditugu. Likopenoa tomatean aurkituko dugu, beta-karotenoa azenarioetan, C bitamina piperretan eta laranjetan… Ez ditugu koipe onuragarriak ahaztu behar, aguakatean, fruitu lehorretan eta oliba olio birjinean aurkituko ditugunak.
Entsalada bat osatzeko momentuan ez dugu kalorietan pentsatu behar, baizik eta elikadura orekatua lortzean. Azken batean, entsalada bat ez da plater sinple bat: ongi prestatuz gero, plater bakarrean elikadura oso eta orekatua.
Entsaladen arriskuak
Entsaladak osasuntsu eta freskoak direla ustea ohikoa da, baina egia da ez direla automatikoki egokiak elikadura orekatu baterako. Hau da, entsalada izateagatik, ez da zertan osasuntsua izan behar. Hainbat faktorek baldintzatzen dute entsalada batek benetan elikagarria eta osasuntsu izatea.
Lehen arriskua oreka falta da. Barazki eta hosto berdeekin egindako entsalada batek zuntz ugari izan dezake, baina proteina, koipe onuragarri eta karbohidrato konplexuak gabe, ez du elikaduraren osotasuna beteko. Hori dela eta, ohikoa da halako entsaladek ez ematea asetasun sentsazio nahikorik eta gero gosea izatea berriz.
Beste arazo bat da saltsa eta osagai ez egokien erabilera. Maionesa, saltsa krematsu industrialak, gazta koipetsuak edo urdaiazpiko onduak askotan gehitzen diren elikagaiak dira, eta horrek koipe saturatuen kopurua handitzen du.
Beste arrisku bat entsaladetan oinarritutako dietak dira. Halako planteamenduek mantenugai gabeziak sor ditzakete luzera begira, batez ere pisua galtzeko helburuarekin egiten direnenan, elikatze-ohitura osasuntsuen aurka.
Entsalada bat aukera bikaina izan daiteke, baina ez da beti osasuntsua. Gakoa oreka da, osagaien kalitatea eta modu kontzientean aukeratzea.
Sasoiko osagaiak entsaladan
Udan entsalada ohiko platera bihurtzen da: gorputzak plater arinak eskatzen dizkigu, eta merkatuetan eta baratzetan freskoak diren osagaiak aurkitu ahalko ditugu. Garai horretan, sasoiko eta bertako produktuak eskuragarriago egoten dira.
Entsaladak sasoiko osagaiekin egitean abantaila ugari ditu: elikadura orekatua errazten du, zapore bizi eskaintzen du eta ingurumenarekiko jasangarriagoa da. Ez dugu ahaztu behar tokiko nekazaritzari laguntzen diogula halako erosketa arduratsuekin.