leitzaldea. Leitzaldeko Euskara zerbitzuak makina bat ekimen antolatu ditu udazkenerako. Hauen artean, literatura, ikuskizun kulturalak eta zinemarekin erlazionatutako jarduerak daude, besteak beste. Programa aste honetan inauguratu zuten Areso eta Aranon izandako ilustrazio tailerra eta txotxongiloen emanaldiarekin. Aste honetan, berriz, Zinema Euskaraz, zikloaren txanda ailegatuko da.
Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko euskara zerbitzuko teknikaria den Dabid Anautek aurreratu duenez, hiru pelikula ikusi ahal izango dira datozen asteetan eskualdean. Euskarabidearekin elkarlanean antolatutako programa honen lehenbiziko hitzordua heldu den larunbatean izanen da Goizuetako udaletxean 18.00etatik aurrera. Bertan Perez sagutxoa filmaren bigarren zatia proiektatuko dute.
Aresoarrek ere izanen dute zinta hau ikusteko aukera, baina kasu honetan, eskolan eginen da proiekzioa 17.00etatik aurrera. Leitzan, azkenik, Olentzero eta oparien ordua ikusi ahal izango da abenduaren 20ean. Pelikula 17.00etatik aurrera izanen da ikusgai herriko zineman.
Gehiago Euskara zerbitzutik adierazi dutenez, Kultur Elejira ere antolatuko dute datozen asteeran UEMArekin elkarlanean.
Zirkuitu honen baitan prestatutako lehendabiziko hitzordua Goizuetan izanen da Trikuharri antzerki taldearen eskutik. Emankizuna hilaren 27an izanen da herriko ikastetxean eta eskolako orduetan.
Areson, aldiz, Kiki eta Koko ikusteko aukera izanen da abenduaren 3an 17.00etatik aurrera. Lekua zehazteke dago, baina eskolan edo plazan izanen da. Leitzan ere antolatuko dute beste ekimen bat, baina hau ere datozen egunetan zehaztuko dute.