hondarribia -Badator Hondarribiko abesbatzen eta kantuzaleen egun haundia. Igande honetan, 11.30ean hasita Gipuzkoa Plazan, beraien urteroko jaia egingo dute, Herri Kanta Jaialdia.
Aurtengo XXVI. edizioa du kantuzaleen jaiak eta bertan, bederatzi taldek hartuko dute parte. Ez dira gehienak urtean zehar kontzertu asko eman ohi dituztenak,baina badute kanturako grina eta Gabonetan, Santa Ageda bezperan eta beste zenbaitetan atera ohi dira kalez-kale kantatzera.
Igandean, ohi bezala, ikusleen aurrean kontzertua egingo dute lehenik bederatzi taldeek, eta ondoren, kalez-kale ibiliko dira, tabernaz-taberna, eguerdiko poteoari giroa jartzen. Ondoren, bazkaria egingo dute Ardora jatetxean eta ostean ere, batek baino gehiagok kantuan jarraituko du herriko kaleetan arratsera arte.
Herri Kanta Jaialdia, abuztuan egiten den Herri Giroa bezalaxe, duela mende laurden pasatxo antolatu zen lehenengo aldiz, Udalak hiritar eta elkarteen artean kultur arlorako proposamenak jaso zituenean.
programa Gipuzkoa plazako ekitaldiari dagokionean, Amuitz abesbatza izango da eszenatokira igotzen lehenengoa. Talde honek, Marisol Etxepareren zuzendaritzapean, Suliko eta Bigarren kalez-kale izeneko kantuak abestuko ditu.
Ondoren helduko zaio txanda Kardiñeruak taldeari. Hau, Mari Jose Iridoyk eta Aritz Emparanek zuzentzen dute eta abestuko dituzten bi piezak, Mariñela eta De Trevilleren azken hitzak izenekoak.
XXVI. Herri Kanta Jaialdian parte hartuko duen hirugarren taldea Zumardikoak abesbatza izango da, Iñigo Salaberriak zuzenduta. Honek abestuko ditu Errota Zahar maitea eta Ama izenburuko abestiak.
Ostean, Goxoki izango da eszenatokira igoko den korua. Portu auzoko elkarte honetako kideoek, Alberto Lasak zuzenduta, Xalbadorren heriotzean eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Xiberoa abestuko dituzte.
Bosgarren taldea Surbesta abesbatza izango da, Ander Ribesek zuzentzen duena. Honek, Bai al dakizu,maite? eta Areson Aleka abestuko ditu eta seigarren lekuan, Junkal Gaskonek zuzenduta, Kasino Zaharra adinekoen etxeko abesbatza igoko da Gipuzkoa plazako taula gainera, Amets eta Kaiku abesteko.
Herri Kanta Jaialdian parte hartuko duen zazpigarren taldea, Klink elkarteko abesbatza izango da. Aritz Gonzalezek zuzenduta, Xalbadorren heriotzean eta Erribehera interpretatuko dituzte.
Azken aurreko lekuan, Olagarro elkarteko abesbatzak hartuko du parte. Honek, Xabier Agirrek zuzenduta, Oihan beltzian eta Orreaga abestuko ditu eta azken lekuan, Xarmanta abesbatzak, Pili Anuncibayk zuzenduta, Amodio Fidela eta Sehaska kanta abestuko ditu.
denek batera Ez dira horiek ekitaldiko azken abestiak izango. Ohi den bezala, Herri Kanta Jaialdiari amaiera emateko, bederatzi koruak igoko dira eszenatokira eta bi musika pieza amankomunean abestuko dituzte.
Alde batetik, Azken Portuan da aurten aukeratu den abestia eta itxierarako ikusle guztiekin batera, Agur Jaunak abestuko dute.