arantza - Etxalar, Oiartzun eta Erratzun egin ondotik, aurten Arantzan izanen da Lan Gaua, Bidasoko Kontrabandistak (KB) elkartearen ekimenez, martxoaren 19an. Ibilaldi gidatu hau, 8 kilometro ingurukoa, gauez eginen da eta Zapuru mendi inguruan burutuko da.

Garai batean kontrabandoan, gau lanean, ibili ziren bi lagun izanen dituzte mendizaleek gidari, Josetxo Iparragirre aranaztarra eta Xanti Elizagoien etxalartarra.

Ibilbidean zehar eginen diren geldialdi laburretan, kontrabando denborako testigantzak, istorioak eta pasadizoak kontatuko dituzte. San Jose egunean arratseko 8etan elkartuko dira Aterpe inguruan, mokadutxo bat jan, (norberak etxetik ekarri dezake janaria) eta ondotik, 20.30 aldera abiatu eta hiru ordu inguruko iraupena duen txangoa eginen dute. Norberak bere linterna ekarri behar du eta mendiko arropa. Parte hartu nahi dutenek, izen-ematea Aterpen edo info@baztan-bidasoa.com helbide elektronikoan egin behar dute martxoaren 10etik 17ra bitartean eta inskripzioa, 3 eurokoa izanen da, aseguruaren gastua ordaintzeko. Informazio gehiago 659 477 396 telefonoan.

Mendiaren Astea Ekaitza elkartearen mendi taldea, bertze aldetik, maiatzaren 13, 14 eta 15ean izanen diren mendiari buruzko ekitaldiak antolatzen ari da, Udalarekin batera. Aurten gainera, lehenbiziko aldiz, maiatzaren 14an Arantzako Mendi Laisterketa eginen da. 16,5 kilometroko luzera eta 1.200 metroko malda duen ibilbidea izanen du eta Illurdi, Ekaitza eta Ibin-tzako kaxkoetan barna pasatuko da.

Biharamunean, maiatzaren 15ean, bertze urte batez, Arantzako Mendi Itzulia izanen da aintzineko urteetako ibilbide berarekin. Hamabosgarren edizioa beteko du aurtengoan mendi ibilaldiak. Ibilbideak 26 kilometro inguru ditu eta 1.600 metroko malda du. Bi ekitaldi nagusi horiez gain, mendiko zine emanaldia, hitzaldia, haurrentzako jolasak... izanen dira ortziralean hasita.

Asteburu betea izanen da eta herritarren laguntza ere eskertuko da egun horietan antolaturiko ekimenak aitzinera eramateko. Udalak, Mendi lasterketako opariak emanen ditu.

Lehen aldiz. Ekaitza elkarteak lehen aldiz antolatu du mendi lasterketa maiatzaren 14rako. 16,5 km luze izanen ditu.

26

kilometro luzekoa eginen dute biharamunean.