Síguenos en redes sociales:

Dantzari txiki eta erromeria eguna ospatuko du Udaberrik

Euskal Herri osoko 400 neska-mutilek parte hartuko dute txikientzat antolatutako festan

Tolosa - Udaberri dantza taldeak dantzari txiki eta erromeria eguna ospatuko du larunbat honetan.

Euskal Herriko hainbat txokotako neska-mutilak plazaz plaza ibiliko dira 11.00etatik aurrera. “Hendaiatik (Lapurdi), Amurriotik (Araba), Lesakatik (Nafarroa) eta Errenteriatik (Gipuzkoa) bertaratuko dira dantzariak eta, tolosarrekin batera, 400 inguru izango dira”, adierazi dute taldekideek. Goizeko kalejirak amaitu eta Tolosako elkarteetan bazkaldu ondoren, emanaldia eskainiko dute, 16.30ean, plaza Berrian.

Haurrek helduei pasatuko diete gozamenaren lekukoa arratsaldean. Taldeko musikariek girotutako poteoa 19.30ean hasiko da plaza Zaharrean eta afaria 21.00etan izango da Zerkausian. Ondoren Zesuma taldearen erritmora dantza egiteko aukera izango da. Ekitaldi jendetsu bilakatu da eta 200 laguneko muga jarri dute. Txartelak salgai daude hamabost euroan Ikatza, Xirimiri eta Orbela tabernetan. Derrigorrezkoa ez bada ere, Udaberrikoek jantzi tradizionalekin joatea gomendatu dute. - M.S.S.