ezkio-itsaso - Bihar, Baserri Egunaren zortzigarren edizioa ospatuko dute Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian. Aurtengo ekitaldia jasangarritasunari buruz izango da. Baserriak, gizakiaren eta naturaren arteko harreman orekatua bermatuz, jasangarritasunaren sustapenean duen garrantzia azpimarratuko dute. Gainera, energia eta elikagai buruaskitasuna eta bertako produktuen kontsumoa bultzatuko dituzte.
Baserri Eguna 10.30ean hasiko da. Ordu horretan, Ezkio-Itsasoko Zela baserriaren historiari eta zaharberritzeari buruzko hitzaldia emango dute. Ondoren, baserria bisitatuko dute, bere zaharberritzea gidatu duen Ibon Telleria arkitektoaren eskutik. Zela modu jasangarrian berritu dute. Solasaldia Igartubeitin izango da eta baserrira joateko autobusa egongo da.
12.30ean Agurtzane Tejadak xaboiak egiten irakatsiko du. Ordu berean, haurrek teilak egiten ikasiko dute. Ondoren, 14.30ean, bazkari begetarianoa egingo dute Bertatik Bertara produktuekin. Helduen menuak 5 euro balio du eta haurrenak 3.
Musika Bukatzeko, 16.00etan Josu Bergara kantautoreak kontzertua emango du. Musikari bizkaitarrak Mikel Nuñez piano-jolearekin eta Nerea Alberdi biolin-jolearekin joko du. Kanta txikien indarra diskoa aurkeztuko du. Disko hau iaz grabatu zuen, zuzenean, Bilboko Kafe Antzokian.
Baserri Eguneko ekitaldietan parte hartu nahi dutenek igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzi behar dute edo 943 722 978 telefono zenbakira deitu. - A.Z.