mutriku - Mutrikuarrek eta herrira gerturatzen diren guztiek Gaba Beltza festaren edizio berri batekin disfrutatzeko aukera izango dute datorren asteburuan. Aurreko urteotan bezala, iluntasuna izango da nagusi mota askotako ekintzak hartuko dituzten erdiguneko plaza, kale eta tabernetan. Edonola ere, festa giroa egongo da ostiralean eta larunbatean, batez ere eguna iluntzen hasten den unetik aurrera.
Aurtengo Gaba Beltza festaren egitaraua abiatzeko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1-2 mailetako neska mutilei zuzendutako ekintza beldurgarria izango da ostiral arratsaldean (17.00etatik 18.30era bitartean) Zabiel plazan eta Txantxangorri aisialdi taldearen eskutik. Horren ondoren (19.00etan) Axuri beltza dantza kalejira egingo da erdiguneko kaleetan zehar eta hori amaitzerakoan Talaixako mamua erreko dute Beheko plazan. Ekitaldi horretan Gure Ametsa dan-tza taldeko eta Gaztelekuko lagunek parte hartuko dute.
Talaixako mamuaren erreketaren ondoren Lehen Hezkuntzako 3-6 mailetako haurrentzako ekintzak izango dira Goiko plazan.
Gaba Beltza festak larunbatean izango du jarraipena Mutrikun.
Egun horretarako prestatutako programa abiatzeko umeentzako itxuraldaketa tailerra egongo da 16.30ean Zabiel plazan eta bi ordu beranduago ipuin kontaketa saioa kultur etxean.
Azken ekintza hori amaitzerakoan (19.30ean) herritarren eta bisitarien arreta piztuko duen kalejira beldurgarria izango da erdigunean, Nieves Gonzalezen taldearen gidaritzapean eta Benja Perez, Yoli Padilla eta Ana Pagoagaren laguntzarekin.
Hortik aurrera, musikak izango du protagonismoa herrian. Izan ere, 2015etik 21.30era bitartean disko festa egongo da Beheko plazan eta hori bukatzerakoan Eraso! taldearen kontzertua (leku berean). Eta hori gutxi balitz Gatz taldearen eta DJ Judasen emanaldiak egongo dira (23.00etatik aurrera) Gaztetxean.
Ikusitakoa ikusita, dena prest dago Mutrikun urteko festarik beldurgarrienean murgiltzeko. Nola ez, kalabazak, kandelak eta bestelako apaingarriak ez dira faltan izango jaia behar bezala girotzeko.