Euria uxatzera heldu dira Andramaixek
Zaparradapean abiatu zituzten azkoitiarrek larunbatera arte luzatuko diren aurtengo festa nagusiak
azkoitia - Euri zaparradarekin batera agurtu zituzten atzo azkoitiarrek aurtengo Andramaixek. Ez ziren kikildu, hala ere, eta aterkiek kolorez bete zuten plaza. Haien azpitik begirada altxatu eta balkoian ikusi zituzten bildutakoek Mailu Irizar eta Ixabel Jauregi, txupinera lanetan. Euskararen, euskal kulturaren eta tradizioen sustapenean egindako lana aitortu zieten atzo herritarrek eta haiek gogoz ekin zioten eskatutako lanari, aurtengo festak gogotsu abiatuta.
Gutxi behar izan zuten, dena den, festetan murgiltzeko. Euria uxatuta, programak aurrera jarraitu zuen eta oraindik beste lau egun dituzte aurretik Andramaixetan gozatzeko.
Gaur, esaterako, musika bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kon-tzertua izango dute entzungai meza nagusiaren ondoren (13.00etan). Rockbox kale ikuskizunak ere girotuko du arratsaldea (19.15ean) eta film laburren lehiaketak, gaua (22.30ean). Passepartout taldearen emanaldia izango dute ondoren (23.45ean).
Gaueko kontzertuak izango dira, izan ere, aurtengo hitzordu garran-tzitsuenetakoak eta bihar Zea Maysek hartuko du lekukoa. Erromeria, suzko zezena, idi dema eta Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia ere antolatu dituzte datozen gauetarako. Egunean zehar bazkariak, musika, txapelketak, omenaldiak eta jolasak izango dira han eta hemen. Azkoitiarrak jada festetan murgildu dira eta kanpotarrei ere gonbitea luzatu diete. - N.G.