doneztebe - Sortu berria den Baztan-Bidasoako pentsionistak martxan elkarteak deituta, kontzentrazioa eginen dute urriaren 22an, heldu den astelehen eguerdiko 12:00etan Doneztebeko Gizarte Segurantzaren bulegoaren aitzinean (Santa Luzia plazan). Mugi hadi, betikoek irabazi ez dezaten; 1.080 euro hemen eta orain! goiburupean eginen dute ahalik eta jendetsuena izatea nahi duten elkarretaratzea.

Baztan-Bidasoako pentsionistak martxan elkarteko kideek atzo egin zuten kontzentraziorako deia leku berean, Gizarte Segurantzaren bulegoen arkupetan, hain zuzen.

Julen Mitxeltorena, elkarteko kideak aipatu zuenez, “bizitza duina, pentsio duinak. Gaur egun adineko pertsona guztiek ez dute bizi duin bat edukitzeko aukera, zenbaitek, bizitzaren oinarrizko beharrei aitzin egiteko, zahar parte exkaxa dutelako. Gaur egun arazo sozial bat ikusten da zahar parte edo pentsioen banaketan, eta bertzetik, neurririk hartu ezean, arazoa areagotuko da”.

Aldi berean, Baztan-Bidasoaldean ez gaudela arazo honetatik libre ere azpimarratu zuen Mitxeltorenak: “Hemen ere badira, hilabete hondarrera ailegatzeko, nahiko larri ibiltzen diren pertsona anitz, batez ere emakumeak edota baserriarekin eta alarguntzearekin zer ikusi dutenak. Hala ere, Pentsionistak Martxan plataformatik, afera honek konponbidea baduelakoan gaude. Nafarroan aukerak badirelako, diru funtsa badelako, bizi duintasunaren ikuspegitik pentsio politikak aldatu behar direla deritzogu. Baina politika hauek aldatzeko mobilizatzea ezinbertzekoa da eta hauda, hain zuzen, deialdi honekin aldarrikatu nahi duguna. Arazo hau ez da bakarrik helduen arazoa, herri arazoa da, gazteena, helduena, langile aktiboena, pentsionistena... jendarte guztiaren arazoa da eta guk erraten dugu jendarte guztiak parte hartu behar dugula afera honetan, honek baduela alternatiba. Euskal Herritar guztiak mobilizatzea ezinbertzekoa da, eta hau da hain zuzen deialdi honekin aldarrikatu nahi duguna”.

Mertxe de Benitok, jakinarazi zuenez, “pentsio sistema propioa, publikoa, pertsona guztiendako, gutxienez, 1080 eurokoa izanen dena, lortzeko mobilizazioak egiteko erabakia hartu dugu eta gure eskubideen defentsan kalera aterako gara”.