ZARAUTZ - Haurtzaroaren Nazioarteko Eguna dela eta, Udalak gurasoei zuzendutako hitzaldia antolatu du gaur arratsalderako Antoniano aretoan: Hurbiletik maitatu urrutira joateko Aritz Anasagasti psikologo eta adituaren eskutik. Bi saiotan egingo du solasaldia, bata euskaraz (17.00etan) eta bestea gaztelaniaz (19.00etan) eta helburua familiei jarraibideak ematea izango da haurrak adimen emozionalean hezitzeko.

Aski ezaguna da Anasagasti Zarautzen, izan ere, hezitzaile formakuntzan esperientzia zabala du eta Orokieta Herri Eskolan bai irakasle baita gurasoekin ere aurretik hainbat tailer egindakoa baita. “Gurasoak ere, azken finean, hezi-tzaileak gara eta lagungarria da gomendioak jasotzea esparru honetan”, azaldu zuen ekitaldiaren aurkezpenean PSE-EEko zinegotzia den Gloria Vázquezek.

Haren esanetan, eta haurren eskubideen aldarrikapen egunari lotuta, “gure gizartean haur eta nerabeek eskubideak nahiko bermatuta dituzte, baina erne egon behar dugu”, adierazi zuen. Horregatik, eta indarkeria matxistaren aurkako eguna datorren igandean izanik, Parekidetasun sailak beste hitzaldi bat antolatu du ostegunerako. Antoniano aretoan izango da 18.30ean eta hizlaria Save The Children elkarteko aditua den Jose Ignacio Alonso izango da. Biktimen seme-alabek jasaten duten errealitateaz arituko da eta “hausnartzea” izango dela helburua, adierazi zuen Vázquezek. - N.O.