lesaka - Ioseba Iturbide lesakarra epaituko dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, duela hamaika urteko gertaera batzuk leporatuta. Zortzi urteko espetxe zigorra eska-tzen dio fiskaltzak, “froga bakartzat Mattin Sarasolaren torturapeko deklarazioak izanda”. Epaiketa eta haren oinarriak salatu eta Iosebari babesa erakusteko agerraldia egin zuten larunbatean Lesakako plazan 10 urte ehunka kilometrora, bihotzetik gertu herri ekimenak antolatuta, Torturarik ez, Ioseba libre! goiburupean.

Plazan irakurri zen agiriak dioenez, “2008ko urtarrilaren 6an Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak atxilotu zituen Guardia Zibilak Arrasaten, ETAko kide izatea egotzita. Biharamunerako Igor erietxean ingresatu zutelako egoera larrian, jasandako torturen ondorioz. Mattin bortz egunez inkomunikatuta eduki eta bortizki torturatu zuen Guardia Zibilak, bertze hainbat euskal herritarrek pairatu izan duten moduan”.

Atxiloketa horietatik bi egunera, urtarrilaren 8an, Mikel San Sebastian eta Ioseba Iturbide atxilotzen saiatu ziren; ez zituzten etxean aurkitu, ordea. Ioseba eta Mikel otsailaren 15ean atxilotu zituzten Donibane Lohizunen. Ioseba aske utzi zuten 2010ko ekainaren 1ean, eta 2012ko urriaren 28an berriro atxilotu zuten, Frantzian. Frantzian jarritako bost urteko espetxe zigorra bete ondotik Espainiaratu eta aske utzi zuen epaileak.

Hamar urte beranduago berriz ere epailearen aitzinera deitu dute Ioseba, duela 11 urte izandako gertaera batzuk egotzita epaitzeko.

Tarte horretan, Donostiako Epaitegiak (Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi arren) nola Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak Igor eta Mattinek tratu txarrak jasan zituztela ebatzi zuten. Horrek, herri ekimenaren ustez, “Mattinen deklarazioen balioa erabat zalantzan jar-tzen du. Eta hori da Iosebaren aurka daukaten froga bakarra: torturapean ateratako deklarazioak”.

Larunbateko ekitaldian, Ioseba Iturbideri babesa eskaini nahi izan zioten. “Froga bakarrak torturapeko deklarazioak izaki ez da onargarria epaiketa bat egitea. Are, Estrasburgoko epaiaren ondotik, tratu txarrak frogatu ondotik, ez dugu onartzen Mattinen torturapeko deklarazioak froga moduan erabiltzea”, aipatu zuten.