zarautz - Gurutze Agirre eta Esther Larramendi Hotz Zarautz Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideak dira. Errefuxiatuen egoerak kezkatuta, elkarte honetan parte hartzea erabaki zuten. Horrela, urtero Zarautzen antolatzen duten bigarren eskuko azoka bezalako ekintzak egiten ditu-zte. Abenduaren 5ean ireki zuten eta larunbatean, urtarrilaren 5ean izan zen azokaren azken eguna.

Nola bururatu zitzaizuen bigarren eskuko azoka bat egitea?

-Esther Larramendi: Lehenengoa Malekoian egin genuen 2017. urteko maiaitzean. Konturatu ginen jendeak behar ez zituen gauza asko zituela etxean eta kartel moduko batzuk jarri genituen kalean gauza horiek gurera ekartzeko.

-Gurutze Agirre: Londresen ohitura handia dago horrelako gauzak egiteko eta pentsatu genuen modu ona zela horrelako zerbait hemen egitea. Horrela, herritar eta denda askok eman dizkigute gauzak eta produktu horiek salduta irabazten den dirua errefuxiatuentzat izango da.

Orain Gabonetan egiten duzue bigarren eskuko azoka?

-E.L.: Bai, halaxe da. Buruari bueltaka pentsatu genuen ideia ona izango zela Gabonetan bigarren eskuko azoka bat egitea. Lokal hau itxita zegoen, Udalarena zen eta beraiek hitz egin eta utzi egin ziguten.

-G.A.: Udalari asko daukagu esker-tzeko. Ez digute arazorik jarri inoiz. Aurten gainera, alkatea etorri zitzaigun eta berak galdetu zigun lokala behar genuen.

Bigarren eskuko azokan irabazitako dirua zein elkartetara doa?

-G.A.: Lau elkartetara bidaltzen da dirua: Zaporeak, Salvamento Marítimo Humanitario, Café Rich Greziako Richona kanpamentuan dagoena eta En Red Sos Refugiados (Atenas).

-E.L.: Lau kausa horiekin egiten dugu lan. Orduan, ateratako diru guztia lautan zatitzen dugu.

Zenbat diru lortu duzue aurten?

-G.A.: Oraindik ez dakigu. Iaz adibidez, 7.000 euro eman genizkioen elkarte bakoitzari. Hau da, guztira 28.000 euro lortu genituen errefuxiatuei laguntzeko.

-E.L.: Kantitatea ez dakigun arren, badakigu asko saldu dela.

Herri solidarioa al da Zarautz?

-G.A.: Bai, Zarautz oso herri solidarioa da. Gu zortzi gara, baina boluntario asko gerturatzen zaizkigu. Bigarren eskuko azokan adibidez, jende askok lagundu digu.

-E.L.: Laguntza asko jasotzen dugu Zarauzko herritik.

Zein motatako ekintzak egiten dituzue?

-G.A.: Bi ekintza mota egiten ditugu: sentsibilizazioa eta errefuxiatuentzat dirua lortzeko ekintza ezberdinak. Sentsibilizazioaren barruan, mahai-inguruak, dokumentalak... egiten ditugu. Diru bilketan aldiz, bigarren eskuko azoka hau edota jertseak eta kamisetak saldu egiten ditugu.

-E.L.: Euskal Herriko Itzulian ere parte hartu genuen. Pintxoak eskatu genituen herri osoan zehar eta ehundaka pintxo jaso genituen. Itzulia hasten zen parean jarri ginen gure edari eta pintxoekin eta jaso genuen diru guztia Zaporeak elkarteari eman genion. Intxaurrondon ere lan egin izan dugu ospatzen den pintxo lehiaketan.

Badira hona etorritako errefuxiatu batzuk. Ba al duzue beraien berri?

-G.A.: Bai, Siriatik etorri ziren bi familia 2017. urtean eta Zarautzen zegoen etxe bat utzi zitzaien urte osorako. Orduan, beraiei laguntzen ibili gara aspektu askotan. Eskoletan, sendagileak... Beraiekin harreman handia daukagu. Gainera jarraipena egiten dugu. WhatsAppez hitz egiten dugu, beraien urtebete-tzeak ospatzen ditugu...

-E.L.: Bai, hori da. Hasieran bi familiak Zarautzen bizi ziren baina orain familia bat, Donostian dagoen Intxaurrondo auzora joan da.

Urte honetarako ba al duzue ekin-tzarik pentsatuta?

-E.L.: Ez, oraingoz ez. Bi astetik behin egiten dugu bilera eta elkartzen garenean hurrengo ekintzetan pentsa-tzen hasiko gara.

Interesa duten pertsonek nola lagundu dezakete?

-G.A.: Edonola lagundu dezake, boluntario gisa edo diru-laguntza emanez, adibidez. Bi kontu korronte ditugu eta honako hauek dira: Caja Rural (ES73 3008 0181 3437 9030 5027) eta Caixa Bank (2100 1704 1602 0022 6749).