azpeitia - Azpeitiko herriak horrenbeste maite dituen Sansebastian jaiak ospatuko ditu datorren asteburuan zehar. Hori dela eta, Azpeitiko erakunde, talde, elkarte eta norbanakoak prestaketa lanetan murgilduta daude azken boladan, beti ere, danborren festa handia behar bezala ateratzeko.

Udalak datorren asteartean ospatuko den osoko bilkuraren ondoren emango du ezagutzera aurtengo jaietarako antolatu duen egitaraua baina, hala ere, dagoeneko jakinarazi ditu 2019ko Sansebastianetan omenduak izango diren talde eta herritarren izenak.

Alde batetik, Udalak Arauntza elkarteko kideak omenduko ditu larunbat gauean, San Sebastian bezperan. Izan ere, talde horrek 50 urte betetzen ditu aurten helduen danborradan parte hartzen eta herriko elkarte guztiekin urteurren seinalatu hori heltzerakoan egin ohi den bezala, “00.00ak iristearekin batera, taldeko kideak udaletxera igoko dira merezitako omenaldia jasotzera”.

Une horretan, Udalak Mikel Sansebastian tailagileak egindako oroigarria emango die.

Bigarren omenaldia Arauntza elkarteko kideek jasoko dutena ez da aurtengo festetan egingo den omenaldi bakarra izango. Izan ere, Udalak Dioni eta Iñigo Perez anaiei errekonozimendua egingo die Sansebastian egunean, “haurren danborrada Plaza Nagusira iristean”.

Keinu horrekin Udalak Perez anaiek herriaren alde urtero egiten duten lan ixila aitortu nahi die.

Udaletik jakinarazi dutenez, “Dionik eta Iñigok 40 eta 50 urtetik gora daramatzate parrokiko Gabonetako jaiotza muntatzen eta desmuntatzen eta borondatezko lan horrek herriaren errekonozimendua merezi duela uste dugu”. - J.Leon