beasain - 2018a korrika amaitu zuten askok, abenduaren 31ko Beasaingo San Silbestre lasterketan. 330 lagunek parte hartu zuten bertan, eta El Aziz eta Elena Loyo izan ziren garaileak. Orain, korrikaldia amaituta eta egun batzuk pasata, Beasaingo Udaleko ordezkariek eta Beti Bizi elkarte antolatzaileek balorazioa egin dute probaren inguruan. Gogoratu behar da aurtengo lasterketa lehenengoz parekidea izan dela sariei dagokienean, hots, lehena emakumezkoek eta gizonezkoek sari ekonomiko berdina jaso dutela.

Hala aipatu dute antolatzaileek: “Emakumezkoen parte-hartzea bultzatzeko lanean egindako ibilbide luzean, emakumezkoei eta gizonezkoei emandako sariak berdinak izatearen erabakia urrats bat gehiago izan dela uste dugu”.

Pauso edo erabaki berri hau ez da bat-batean hartutako erabakia izan, inondik ere. Beti Bizi elkarteko ba-tzorde antolatzaileak urteak daramatza gai honen inguruan lanean, eta Udalak agertu duenez, “gai honekiko egonezina aspaldi” agertu zion elkarteak Udalari, “oraindik kirol probetan egun duen oihartzuna ez zuen garaian”.

Horrelako proba batean parte har-tzen duten alde guztiak aztertu behar dira eta horregatik hainbat bilera eta kontsulta egin zituztela azaldu dute. Tartean, esaterako, Arartekoarekin batzartu ziren Udal eta lasterketaren arduradunak genero ikuspegitik eman beharreko pauso egokienak zeintzuk ziren zehazteko asmoarekin, izan ere, ertz askoko gaia da.

Hala, erabaki berria hartzerakoan “lasterketaren batzorde antolatzaileak erakutsitako sentsibilitatea azpimarratzekoa” izan dela azaldu dute Beasaingo Udaletik: “Udalarekin izandako elkarlanaren ondorioz, antolakuntza mailan eta ospean kalitate gorena lortu duen proba hau nola hobetu hartzeko erabakia erraztu zuen”. Beti Bizi elkarteko kideek aurtengo edizioaren aurkezpenean Udalaren borondate ona ere eskertu nahi izan zuten, eta haien laguntzarik gabe “ezinezkoa” izango litzatekeela nabarmendu nahi izan zuten.

Aurtengo probako ondorio eta emaitzak aztertzerakoan, positiboki baloratu dituzte berdintasun arloan eman diren berrikuntza eta aurrera pausoak. Udal erakundetik, Beti Bizi elkarteko antolakuntza batzordeari babes osoa ematen jarraituko zaiola agertu dute eta esker ona ere adierazi nahi izan dute “berdintasun arloan izan duen sentsibilitateagatik eta ekimenagatik”. Guztiak jabetuta daude oraindik “ egiteko asko” dagoela, baina etorkizunean erronka nagusia Beasaingo San Silbestrean emakumezkoen parte hartze kopurua handitzea izango dela aurreratu dute.