elizondo - Martxoaren 8a dugu gaur, Emakumearen Nazioarteko Eguna. Euskal Herri osoan bezala, gure eskualdean ere panto eginen dute emakumeek, Heteropatriarkatu kapitalistari planto! lelopean.

Greba egun honetarako, elkarretaratzeak, emakateak, bazkari autogestionatuak, manifestazioak eta bertze hainbat hitzordu antolatu dituzte. Goizean zehar, herriz-herri ekimen desberdinak burutuko dituzte eta arratsaldean eskualdeko emakume guztiak Elizondon elkartzeko deia egin dute; 17.00etan Foruen plazan Tribial feminista burutuko dute eta 19.00etan Elizondoko karriketan barrena manifestazioa, Bizitzak erdigunean lelopean.

Baztan mailan, Elizondoko plazan, egun osoan zehar, zaintzaren izeberga izanen da, 10.00etatik aitzinet plaza girotuko dute, eta 12.00etan, emakatea burutuko dute; 14.00etan bazkari autogestionatua eginen da.

Zugarramurdin ere gaur, 12.00etan elkarretaratzea eginen dute herriko plazan.

Urdazubin, gaur hasiko dute igandera bitartean burutuko den autodefentsa pertsonala lantzeko kirol tailerra. 9.30ean hasi eta 13.30 bitartean Leorlaseko eskola publikoaren kiroldegian eginen dute. Bertzalde, gaur elkarretaratzea eginen dute Herriko Etxearen aintzinean, 17.00etan. - F.A.G.