ordizia - Goierriko merkataritza elkarteek lan handia egiten dute urte osoan zehar herriko komertzioei bultzada emateko eta herritarrei herrian erostearen garrantzia zabaltzeko.

Ekintza ugari antolatzen dituen horietako bat da Ordizian merkatari elkartea, eta orain zuzendaritza bartzorde berria du hurrengo 12 hilabetetan aurkeztuko diren ekimen, kanpaina eta ekintzei begira indartzeko asmoz. Hala, hauek izango dira batzorde hori osatuko dutenak: lehendakaria Ekain Mendizabal (Larratza liburu-denda); lehendakariordea Eukene Lekuona izango da, bere izena daraman diseinu grafiko dendakoa; idazkaria Koska gozokidendako Esther; diruzaina Vicuña Confección dendako Ana Ajuria; eta bokalak Luis Antonio Galdeano (Galdeano burdindegia), Mari Carmen Goiburu (Zabale belar-denda), Ignacio Donavera (Porfirio Sastrería) eta ACV Multimediako Edurne Rubio.

Joan den martxoaren 1 eta 2an Stock eta kale-azoka ospatu zen Ordizian eta ekimen honen inguruan erosle eta dendariek balorazio positiboa egin dutela nabarmendu dute. Orain, berriz, beste kanpaina batean murgilduta dabiltza eta hala jarraituko dute martxoan zehar. Ordizia Visa txartelarekin erosketak egin eta erosketa egin ondoren saria egokitzen bazaizu erosketa horren zenbatekoa deskontatuko dute txarteletik.

Oraingoz Ordiziako Udalak elkarlan hitzarmena du elkartearekin eta epe laburrean hori berritzeko garaia izango da. “Zuzendaritza berri honi dagokion lehen sinadura eramango duen hitzarmen hau ezinbestekoa da bertako merkataritza bultzatu, honen beharrei erantzuna eman, eta Eusko Jaurlaritzako laguntza programetan sartzeko”, nabarmendu dute Ordizian elkartetik.

Ez dute aipatu gabe utzi nahi izan Udalaren eta elkartearen arteko hi-tzarmen horren emaitza dela gaur egun Andra Mari kaleko 21. zenbakian dagoen Ordizian merkataritza bulegoa. Batzorde berria bertan elkartuko da hemendik aurrera bilerak egin eta erabakiak hartzeko. Duela bi urte jarri zuten martxan espazio hau eta “dagoeneko balorazio oso positiboa egiteko moduan” daudela azaldu dute, “bere garaian kale mailan kokatzeko hartutako erabakiaren inguruan”. Egunero irikita egoten da eta Ordizianek abian jartzen dituen kanpainen inguruko informazioa emateaz gain, esaterako, erosketa poltsak ere bertan izaten dira eskuragai.

Ez dituzte ateak ixten. Horregatik, herriko beste merkatariei, komer-tzio bazkideei, pertsona bezeroei eta herritarrei orokorrean sektorearen irudia sendotu, intereseko ekimenak eskaini eta bertako dendetan erosten jarraitzeko garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko baliagarriak izan daitezken proposamen, kritika eraikigarri eta iradokizunak helarazteko gonbidapena luzatzen die Ordizian elkarteko Zuzendaritza Ba-tzordeak, bai bertara gerturatuta edo ordizia@ordizian.eus helbidean.