Ahumadako Dukearen ondorengoak ederki sartu dira kanpainan aste honetan, Iruñean, Alde Zaharraren ondoan, Donejakue Bidea erdi-erditik trabatuta, Basotxo karrikan. Direnak eta ez direnak agertu dira ekitaldi arranditsu horren arrimura; erregimen zaharra berrezarri nahi duten guztiak, alegia. Ez zen alerik ere falta, hantxe baitzegoen erregimen zaharkitu hartan nor zen guztia, tente baino tenteago, adurra ezpainetan, guardia larderiatsuen desfileari poz-pozik beha. Bertzeak bertze, Nafarroako hiru lehendakari ohi, eta eskuindarren hautetsi gorenak; orain, guztiak elkarrekin ekinean, Uxue Barkos Gobernutik bota nahian. Eta erdi-erdian, nor eta sozialisten zerrendaburua. Itxuraz, ez zen Abascalen ordezkaririk haien artean; jarraitzailerik, ordea, bat baino gehiago, hain segur, bai ikusleen artean, bai desfilatzen aritutakoen artean ere. Ez baitugu atzendu behar arabarraren alderdiak zer ehuneko atera zuen Galizia etorbidean dagoen etxe handi bateko maizterren artean. Sánchez ez zen Coloneko argazkian izan, jakina. Chivite, ordea, ez da Sánchez, eta naturaltasun osoz agertu zen Basotxoko argazkian. Adituek diote Coloneko argazkia eragingarria izan zela apirileko bozen emai-tzetan. Bada, Iruñeko argazki horrek ere eragingarria izan beharko luke bi aste barrukoetan. Erran nahi baita, eskuindarrekin batera, sozialistak 26ra iristen badira, PSNk, ohi duenez, haien alde eginen du, nafar gobernuko atea zabalduko die, bai eta Iruñekoa ere. Hortaz, Sanchez bozkatu zuten aunitzek aldaketaren aldeko alderdiak bozkatzea izanen da gakoa hilaren 26an, eta egungo lehendakariak Chivitek baino boz gehiago eskuratzea ere bai. Eta hori bidean da, gaurko inkestari jaramon egitera behintzat, baina hala ere, lana gogotik egin beharko da datozen egunotan, aldaketaren aldeko indarrak 26an 26ra egiazki iritsiko direla bermatzeko.