Atzo Arizkunen, Piriniotan Dantzan-Mutildantza Eguna 2019 ospatu zen, Jo ala Jo Kultur Taldeak, Nafarroako Dantzarien Biltzarra eta Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntzaz antolatuta. Eguraldi kaxkarraren ondorioz, plazan egin beharreko dantza emanaldiak frontoian egin behar izan zituzten, baina bildutako jendetzak era berean disfrutatu zuen bertako ikuskizunarekin. Piriniotako bi aldeetako dantza talde desberdinak elkartu ziren atzokoan, Luzaideko Bolantak, Beskoitzeko Oinak Arin, Zalgizeko dantzariak, Sent Pèr de Lèrengo dantzariak eta Baztandarrak dantza eskolako kideak. Bakoitza bere berezitasunekin, baino denek zuten zerbait amankomunean: zirkulua.

Pirinio mendebaldeko bi isurialdeetan bizirik mantendu den dantza-sistemaren oinarri koreografikoa eta dantzaren egiturak eredu gisa zirkulua du. Sistema hau osatzen duten dantzak Dantza jauziak edo Jauziak izenarekin ezagutzen dira Euskal Herriko iparraldean eta Luzaiden, nahiz eta dantza hauetako baten izenak ere, Mutxikoak, balio generikoa hartu duen. Biarnon aldiz Saut izenez dira ezagunak, eta Baztanen Mutil Dantza izena hartzen dute.

Dantza hauek arras dantzatuak izan dira Zuberoan, Behe Nafarroan, Lapurdin, Luzaiden eta Baztanen, baita Biarnon ere. Gehienbat bi helbururekin: batetik, dibertitzeko, gizonezkoei bideratua, eta bertzetik, aginte lokalaren berrespen jarduera gisa.

Atzo eguerdian, banan-banan, bortz dantza taldeen emanaldiekin gozatzeko aukera izan zen; ondotik, Migel Angel Sagasetari, dantzen ikerketan egindako lan eskergarengatik, aitortza bat egin zioten, Euskal Dantzarien Biltzarrak sustatuta; eta goizeko saioa bukatzeko, dantza talde guztiek batera, zirkulu kontzentrikoetan dantzatu zuten, bakoitzak bere pausu desberdinduak. Arratsaldean soka-dantza eta jauzi herrikoiak izan ziren.

AITORTZA Euskal Dantzarien Biltzarrak Miguel Angel Sagasetari aitortza eskaini zion eguerdian, urte luzez, Euskal Herriko herri aunitzetan barrena ibiliz, dantzen inguruko ikerketa sakona egiteagatik. Iturenen 1941ean sortua, piano ikasketak bi urtez egin ondotik, bere gisa ikasi zuen txistua jotzen. Dantzan ere aritu zen, eta bere jarduna ez zuen eten apaiztegian. 1965ean apaiztu zen eta hainbat herritan jardun du lanean, Luzaide. Leitza, Etxarri eta Urdiainen (gaur egun). Atzo, euskal makila eta oroigarri bat jaso zituen opari, eta eskerrak eman ondotik, pozarren erran zuen, lehen aldia zela berak ikertutako dantza guztiak leku berean dantzatzen ikusten zuela.