ohartu orduko, tonbola zabalduko dute. Irudipena da ez ote duten urtetik urtera gero eta lehenago muntatzen, eta gero eta azkarrago ere bai. Aurten, hauteskunde kanpaina betean, non eta hiriburuko udal aferen artean solasgai izan den pasealekuan, jakina. Izan ere, Sarasateri zer irtenbide eman izaten ari da hizpide, eskuindarrek bere garaian eginiko txandrioa konpontze aldera. Gaur egun, sekulako muga baita Alde Zaharraren eta Bigarren Zabalgunearen artean, eta legealdi honetan neurri onak hartu badira ere, ez da astirik izan asmo guztiak gauzatzeko, pasealekua egiazki pasabide izan dadin, eta ez, oztopo. Bada, heldu den larunbatean zabalduko dute tonbola, gogoeta egunean. Ez dut uste ezker sektore jakin bateko hautagai asko joanen denik txartelak erostera, baina denak joanen balira, Caritasek sekulako negozioa eginen luke, hautagai aunitz baitira, gehiegi, sektore horretako udal zerrendak ere gehiegi direlako. Gutxienez hiru (Ezkerra, Podemos eta Aranzadi), eta gainera, badago zatiketaren azken hondar hutsal bat ere, baina izenaz ez naiz oroitzen. Ez legoke batere gaizki halako gogoeta bat egitea zertaz eta eragiteko zorian dauden txandrioaz (ez zen lehen aldia izanen, gainera; zeren oroimena duenak ba baitaki zer gertatu zen 79ko udaberri urrun hartan). Denak dira errespetagarriak baina denek dakite ehuneko bosta behar dela udalean sartzeko, arras ongi dakite nekez lortuko dutela hirurek langa hori gainditzea, eta denek dakite horrek zer-nolako ondorioa izan dezakeen duela lau urte hasitako bidearentzat. Espazio horrek gutxienez hiru zinegotzi ateratzeko adinako indarra dauka, baina hutsean geldi daitezke, zatiturik joateagatik. Bi zerrendatan aurkeztu izan balira, behintzat. Beraz, gauzak gordin daude, eta argi dago aldaketaren aldeko zinegotziak 14ra iristen ez badira, nor izanen den alkate.