Villabona - Azken ukituak falta badira ere, Amasa-Villabonak buruhandi berriak ditu. Herritarren iritzia eta ekarpenak kontutan hartu dira irudi berriak egiterako orduan eta pertsonaia guztiak datozen Santio Jaietan aurkeztu dira jendaurrean.

Figura berriak Amasa zein Villabonako ondare sinbolikoa islatzen dute; hain zuzen ere, hori da urte osoan zehar ospatzen ari den 400. urteurreneko helburuetako bat.

Alde batetik, Amasari lotutako bi pertsonaia aukeratu dira: oilaskoaren pertsonaia, Amasako oilasko-joko festa tradizionalaren omenez, eta Martina Sorginaren pertsonaia.

Bestalde, Villabonari erreferen-tzia egiten dioten bi irudi ere sortu dira: lehena pilota da, heldua den gizon baten pertsonaiak irudikatzen duelarik -kirol modalitate honen antzinakotasuna adierazi nahian-; eta bigarrena zezena da, Villabonan sokamuturrak duen garrantzia islatzeko helburuarekin.

Aurreko erraldoi eta buruhandiak sortu zituen Hermanos Garate enpresa iruindarra arduratu da lanez oraingo honetan ere.

Amasa-Villabonako Udalak herritarren laguntza eskatu zuen buruhandi berriak nolakoak izango ziren zehazteko. Baldintza gisa, festekin orokorrean harremana duten lau pertsonaia izatea zen. Karakterizazio orokorrak eskatu ziren Kultura batzordetik, izen eta abizenik gabeak. Horretarako, oso baliagarriak izan dira amasarren eta billabonatarren iradokizunak; ideiak, argazkiak, bozetoak eta pertsonaien deskribapenak.

Azken urteotan buruhandi eta erraldoi taldea berritzeari ekin dio Udalak. Iaz lau erraldoi berri ere atera ziren kalera: baserritar bikotea, tradiziozko herriko arropekin apainduak, eta Pedro Yarza Villabonako Besamotza ezizenez ezagu-tzen den pilotaria eta Amasako Iturrigoxoko emakumea. Kasu honetan ere Irungo Garate anaiak arduratu ziren artisau lanez, Pepita esnezalea eta Xanti Udaltzaina buruhandiak egiteko ardura izan zuen enpresa berbera. Erraldoi bakoitzak 30 kilo inguruko pisua du, eta 3,65 metroko altuera dute, 4 metro inguru martxan daudenean.