Hernani - Ipuitantai enpresa Hernaniko Izpizua kalean kokatuta dago eta buruarinak eta beste pertsonaiak egiteaz gain, tailerrak ere ematen ditu Euskal Herria osoan. Adibidez, datozen ekainaren 5, 12 eta 19an Kaxkoko bizilagunekin jardungo dira (Izen-ematea: telf. 722 680 828). Oihana Irasuegik, enpresaren sortzaileetako batek, bere lanaren zehaztapen gehiago eman dizkio egunkari honi.

Nola bururatu zitzaizuen buruarinak sortzeko ideia?

-Buruarinak duela bost urte egiten hasi ginen beste kide batekin, Jon Legorbururekin, Bera izan zen ideiaren sortzailea. Niri eta Gorkari komentatu zigun eta hiruren artean hasi ginen. Jonek buruhandi bat erosi zuen bere ilobarentzat eta asko pisatzen zuela eta dirutza bat zela konturatu zen, gero balda batean amai-tzeko. Lehenengo tailerra Lezon izan genuen eta gero Hernanira, gaur egun dugun lokalera, etorri ginen.

Noiz erabaki zenuen honetara dedikatzea?

-Nik beti lana administraritzan egin izan dut eta Gorka, nire kidea, ipuin kontalaria dena, langabezian geratu zen. Nire lana ere kolokan zegoen eta pentsatu nuen nik buruarinak egin nitzakela. Orain deskubritu dut eskulanetarako balio dudala.

Zer dira buruarinak?

-Guk bilkari handitan goma-aparra daukagu eta horrekin egiten dugu burua. Buruarinak deitzen diegu buruhandi arin bat delako, txikiek eramateko erraza dena. Jostailu bat da, azken finean. Ez da erraz puskatzen.

Zein izan da Ipuitantai enpresaren bilakaera?

-Hasiera batean Erdi Aroko azoketara joaten ginen buruarinak saltzera. Gero salmenta puntuak izaten hasi ginen, hasieran Gipuzkoan zehar, Nafarroan ere... Gaur egun 60 inguru salmenta puntu ditugu Euskal Herri osoan. Urtean 2.000 buruarin inguru saltzen ditugu. Arrakasta gehien duen buruarina zezena da. Orain azokarik ez dugu egiten.

Lana dibertsifikatzen ere hasi zarete.

-Gero buruarinak egiteko tailerrak sortzeko ideia etorri zitzaigun, horrekin urte eta erdi daramagu. Hasieran froga bat bezala hasi ginen, baina gaur egun tailer pila bat egiten ditugu.

Nola doaz tailerrak?

-Haurrei buruarinak asko gustatzen zaizkie gauza berri bat delako. Tailer hauek originalak dira eta haur asko apuntatzen dira, plaza guztiak betetzen ditugu eta kanpoan geldi-tzen dira beste asko ere. Gero ere tailer hauek arrakasta dute familia tailer bat delako, heldu batekin etorri behar dute. Gurasoei asko gustatzen zaie umeekin bere aisialdia parteka-tzea.

Buruarinez gain beste gauzak ere sortzen dituzue, ezta?

-Buruarinez gain maskotak ere egiten ditugu Hernaniko Pil-Pil bakailoa, Beasaingo Barea, ikastolentzako... Atrezzoa egiten dugu, Pirritx eta Porrotxekin lan asko egiten dugu.

Buruhandi eta erraldoien inguruan zaletasuna berpiztu dela uste duzu?

-Bai. Nik mundu honetan sartu nin-tzenetik ez dut horrelakorik ikusi. Orain dagoena izugarria da. Haurrak buruarin eta erraldoien kolekzioak egin nahi dituzte. Orain moda sortu da eta festetan buruarinekin atera-tzen dira buruhandi eta erraldoien konpartsaren atzetik.

Izan duzuen arrakasta sorpresa izan da?

-Ez genuen espero izan dugun arrakasta, oso gustura gaude eta geroz eta gehiagora dihoala ematen du. Jendea ezagutzen ari da. Lehengo Gabonetan lan asko egin behar izan genuen. Gabonak dira gure denboraldi indartsuena, askok buruarina Olentzeroren opari gisa eskatzen dutelako. Haur askori buruhandiei zieten beldurra ere kendu diegu.

Non nabarmentzen da gehiago zaletasun hau?

-Ez nuke herri zehatz bat esango, baina nabarmendu nahiko nuke herri txikitan ohitura gehiago dagoela. Hiri handitan zaila da horrelako jokoak edo tailerrak antolatzea. Herri txikitan jolasteko beste modu bat dago. Baina, guk asko saltzen dugu Iruñean, herri handi bat esateko Iruña izango litzateke. Iruñako Caravinagre, Toko-Toko eta Braulia mundu guztian ezagunak dira. Haur batzuk herri guztietako erraldoiak ezagutzen dituzte.