Errenteria - Urtero legez, Errenteriako Udalak madalenetako laguntzaileak kontratatzeko prozesua abian jarri du. Izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 17ra arte.

Deialdi honen xedea festetako laguntzaileak hautatzea da, baina zerrenda berdina Atlantikaldia jaialdirako ere erabiliko da.

Laguntzaile izateko hainbat baldintza bete behar dira, hala nola 18 urte beteak edukitzea kontratuaren hasierako datan, langabezian egotea, eskola ziurtagiria edota maila altuagoko titulazio akademiko baten jabe izatea eta lanpostuaren beraren eginkizunak normal betetzea galeraziko lukeen eritasunik eta desgaitasun fisikorik nahiz psikikorik ez edukitzea.

Gainera euskaraz elkarrizketa bat izateko gauza izan behar da. Eskakizun hau betetzeko xedez, hautatuak suertatzen diren pertsonak deituak izango dira uztailaren 3an udal euskaltegian elkarrizketa bat edukitzeko. Ez dute azterketarik egin beharko 3. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatua duten pertsonek ezta ere 2011tik 2018ra arteko deialdietan helburu bererako eginiko euskara-froga gainditu zutenek.

Izena emateko eskabide orria beteta, NAN-a, titulu akademikoa eta euskarako tituluaren fotokopiekin batera (azken hau, duenak), ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan aurkeztu beharko dira. Ezinbestekoa da hautagaiak eskaera orrian bertan bere e-maila garbi adieraztea. Esan bezala, izena emateko ekainaren 17a da azken eguna.

Aurkeztutako guztiekin zozketa ekainaren 26an egingo da, emai-tza udal web orrian eta iragarki oholtzan argitaratuko delarik. Zozketan hautatuak izan diren pertsonei eta lehenengo hamar ordezkoei e-mail bat bidaliko zaie beharrezko informazio guztiarekin. Hautagaiak berak kontsultatu beharko du bere e-maila zozketaren egunean bertan eta hurrengo egunean.

Lana lortzeko, lehentasuna izango dute Errenterian gutxienez hiru hilabete erroldatuta daramatenek, horretarako eskaerak aurkezteko ezarritako epearen azken eguna hartuko da erreferentziatzat.

Zozketarako, alfabetikoki ordenatuta dagoen zerrenda erabiliko da; hau da, udaletxeko iragarki oholean argitaratzen dena.

Deialdi publikoa denez, eskatzaileak Estatuko, Autonomi Elkarteko nahiz udal erakundeen menpeko lanetik banandua ez izana eta herri eginkizunetan aritzeko gai izan beharko du. - A.M.