azpeitia - Sanjuandegi auzoak, orain dela bost urtetik Azpeitiko kooperazio taldeak, Sanjuandegiko festa batzordeak eta Xeye atletismo taldeak elkarlanean antolatzen duten kros solidarioaren beste edizio bat hartuko du bihar, 17.30etik aurrera.

Guztira adinaren arabera antolatutako sei lasterketa izango dira eta parte hartzeko interesatuek 16.00etatik aurrera eman ahalko dute izena Jose Antonio Agirre plazan. Norberak egoki ikusten duen aportazioa eman ahalko du izena ematerakoan eta jasotako dirua Ruandara bideratuko da “herrialde honi elkartasuna erakusteko”.

Kirolaren festa borobiltzeko, Lagun Onak txirrindulari taldeak antolatzen dituen alebin eta infantil mailako lasterketak egongo dira bihar Sanjuandegin (16.00etatik 17.00etara bitartean). - J.L.