arrasate- Arrasateko Trikitixa Eskolak 28 urte bete ditu eta “sekula baino indartsuagoa” dago. 2016an, mende laurdena ospatzeko, Loratu da hazia abestia sortu zuten. Orain, izenburu horrek kaleratu berri den diskoari izena ematen dio. Hamaika kantuz osatutako bilduma da, eta bertan ikasle eta kolaboratzaile zerrenda luze batek parte hartu du. Antxon eta Irati Gutierrezek, aita eta alabak, lehen pertsonan bizi izan dute “emozioez betetako” esperientzia hau. Lehena pandero ikaslea da. Irati, aldiz, sei urterekin hasi zen musikan murgiltzen, eta bere esanetan, trikitixak eta panderoak “asko” eman diote bere “bizitzari”. Izan ere, Kepa Junkerarekin munduko hainbat txokoetan zehar ibili da Sorginak taldeko kide bezala.

Nola sortu zen disko berri hau egiteko ideia?

-Antxon Gutierrez (A.G.): 18 urte pasa dira lehenengo diskoa kaleratu genuenetik; eskolak hamar urte bete zituenean izan zen hori. 25. urteurrenean, ordea, Loratu da hazia kantua sortu genuen eta ordurako eskolako ikasleen kopurua handitu egin zen. Abestia disko batean jasotzeko ideiarekin hasi ginen. Baina gauza batek beste batera eraman gintuen, eta azkenean, lan osatuago bat egitera animatu ginen (Antxon izan da proiektu honen bultzatzaile nagusia). Lehenengoarekin alderatuta, bigarren disko hau oso desberdina da. Berezia.

Eskolako ateak gainditu ditu diskoak. Lagun askoren kolaborazioak izan dituzue proiektua aurrera eramateko.

-A.G. eta Irati Gutierrez (I.G.): Horrela da. Eskolako ikasleek -umeek zein helduek-, irakasleek, ikasle ohiek eta kolaboratzaile dexentek parte hartu dute. Musikari askoren laguntza izan dugu, Kristina Solano eta Izer trikitilariena, eta baita Arrasate Musikaleko haize eta sokako ikasle batzuena ere (Iñaki Lizarraga, Peru Atxa, Iurgi Iraola, Edu Churruca, Jabier Retegi eta Itziar Epelde). Maixa Lizarribar eskolako zutabea da, bera zuzendaria eta irakaslea da. Beti esaten du Arrasate herri makarra dela, bere zentzu onean, eta honetaz baliatuz koplak abesten jarri ditugu The Potes taldeko Romeo eta Sala, Porru, Erasoko Serge eta La Furiako Nerea. Produktore lanetan, aldiz, Xabier Zabala musikaria aritu da, abestiei konponketak egin dizkie, hauek borobilduz. Diskoa Shot! estudioan grabatu dugu Iñaki Bengoaren zuzendaritzapean eta plazer handia izan da. Maketazioa eta diseinua Roberto Gutierrezen lana da, eta ilustrazioa Concetta Probanzarena.

Hamaika abesti batu dituzue.

-I.G.: Batzuk herrikoiak dira, beti trikitixa munduan entzun direnak, eta beste batzuk sortu berriak. Azken horietan, Maixa, Izer, Xabier Zabala eta neu ibili gara. Bi abesti, gainera, perkusioarekin bakarrik grabatuta daude, panderoari merezi duen protagonismoa emateko. Alborako laguna abestian, esaterako, Kepa Junkerarekin jo genueneko (Sorginak taldean) Peñaparda panderoa erabili dugu, Salamancako izen bereko herri bateko instrumentua.

Nolako esperientzia izan da?

-A.G.: Oso esperientzia polita izan da, disfrutatzeko modukoa. Guztiok, eskolakoak zein kolaboratzaileak, inplikatu gara ekimen honetan. Argi geneukan proiektu hau gure-tzako bakarrik izatea ez genuela nahi, hau da, trikitixa munduan gabiltzenentzako. Beraz, gure asmoa proiektu zabalagoa egitea izan da, Arrasatekoa; Arrasaten sortu dela esan dezaten. Oso gustora gaude emaitzarekin.

Non dago salgai diskoa?

-I.G.: Kajoi, Nahi, Jai-Zale eta Monte tabernetan, eta baita Arteaga jatetxean, Ttukun kopistegian eta Lasarteko Tirikitrauki musika dendan ere, 10 euroren truke. Arrasatetrikitixaeskola@gmail.com helbidean ere eska dezakete nahi dutenek.

Hilaren 22an jendeaurrean aurkeztuko duzue jaialdi batekin.

-I.G.: Bai, Monterron parkean izango da, 18.30ean hasita. Diskoan parte hartu dutenei protagonismoa eman nahi diegu, guztion lana da eta. Segur aski hunkitu egingo gara. Sorpresak ere egongo dira, baina horretarako, ekitaldira joan beharko da. Jendetsua izatea nahi dugu.

Zeintzuk izango dira hurrengo hi-tzorduak datorren larunbateko ekitaldiaren ondoren?

-A.G.: Sanjuanetako Errementari dantzan parte hartuko du eskolak eta 25eko goizean ere kalera irtengo gara. Hortaz aparte, oporren bueltan, Eskola plazara ekimena ospatuko dugu, irailaren 6an. Egun horretan, trikitixa eta panderoa probatzeaz gain, matrikula (dagoeneko zabalik dago) aurrez aurre egiteko aukera eskainiko dugu. Gaur egun, 150 ikasle ditugu, bost urtetik gorakoak eta baita jubilatuak ere. Eskola osasuntsu dago, dena den, ea mutil edo gizon gehiago animatzen diren.

Gipuzkoako txoko bat. Antxon Gutierrez: Arroa Goikoa, bertakoa naizelako. Irati Gutierrez.

Festa bat. A.G.: Arroako jaiak.

I.G.: Arrasateko Sanjuanak.

Paisaia bat. A.G.: Arrasateko Monterron. I.G..

Mendi bat. A.G.: Udalaitz.

I.G.: Udalaitz.

Hondartza bat. A.G.: Zumaiako Itzurun. I.G..

G

ipuzkoatzen