Orio- Andoni Egañak, Xabier Lizasok eta German Ormazabalek proiektu berria dute esku artean. Bertsolari-idazle bat eta bi piano-jole elkartu dira oraingoan, eta emaitzak dagoeneko badu izena: Eta zer gehiago?.

Hondarribian eskaini zuten emanaldia aurrenekoz, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ere izan ziren pasa den ostiralean. Larunbat honetan Orion, Xabier Lizasoren jaioterrian, egingo dute geldialdia; 22.00etan izango da doako kontzertua, Arraunetxen. "Bizitzan denok hartu behar izan ditugun erabakiak" ditu ardatz hiruren artean sortu duten musika emanaldiak. Lizasok eta Ormazabalek gaztetan hartutako erabaki baten eta hortik erdietsitako bideen kontaketa dira emanaldiaren abiapuntua, baina helburua entzuleengan "gogoeta eragitea da".

"17-18 urterekin askok eta askok erabaki beharreko bidegurutze bat izaten dugu aurrean. Ikasten segi edo ez. Eta ikasten segitzekotan zein bide hartu", azaldu dute. Lizasok eta Ormazabalek ere bidegurutze horrekin egin zuten topo, eta ikasketa-arduradunak zer ikasiko zuten galdetzean, "biek eran-tzun berdina eman zuten: pianoa". "Pianoa ikasi behar zenuela esaten bazenuen hurrengo galdera segurua izaten zen: eta zer gehiago?". Hala, erabaki bat hartu behar izan zuten biek, eta "bi bide" jaio ziren.

"Aukeratu beharra ez da ordea 17-18 urterekin eta ikasketa kontuetan bakarrik gertatzen. Beste mila gairen aurrean -lana, familia, harreman pertsonalak, bizilekua eta abar- eta bizitzaren edozein unetan izaten dugu bide bat edo bestea hartu beharraren askatasuna eta mina", diote.

Beraz, Lizasoren eta Ormazabalen istorioen kontaketa "aitzakia bat baino" ez da, "entzule bakoi-tzarengan gogoeta eragiteko", esan zuten. lanak tartekatzen "Lan serioak eta alaiak tartekatu" dituzte; "gure barrurantz bildu eta kanporantz bultzatzen gaituztenak". "Musikazaleentzat ez da oso ohikoa bi pianoren emanaldia entzutea eta horrek berak nahiko interes sor dezakeela uste dugu"