Ormaiztegi - Urtero legez, hitzordu garrantzitsu bat izango dute igande honetan ormaiztegiarrek eta baita goierritarrek ere. Lierni izango da festaren kokalekua ohiturari helduz, eta erromeria egingo da. Goizean hasi eta iluntzera bitartean ez da faltako musika, giro ona, jokoak eta dantza.

Goizeko 11.30ean lehertuko da festa bertan. Salda eta txorizoa dasta-tzeko aukera izango dute gertura-tzen direnek, betiko hamaiketakoa, alegia. Txikienek ere izango dute goza-tzeko aukera, izan ere, ordubete pasatxoan haurrentzako jolasei emango diote hasiera. Tradiziozko usadioari segida emanez, eguerdiko 13.00etan Meza nagusia eskainiko dute ermitan, baina berezia izango da emanaldia. Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzak ere parte hartu nahi du urteroko festan eta kontzertu bat eskainiko dute, entzuleen gozamenerako.

Meza eta kontzertuaren ostean berriz ere tripa betetzeko momentua helduko da, herriko bazkariarekin. Gisotea oilasko izterrekin eta haurrentzat makarroiak tomate saltsarekin izango da aurtengo menua.

Bazkalosteari aurre egiteko eta erritmoa gorputz barruan sartzeko erromeria giroa jarriko du Modesto DJak arratsaldeko 16.00etatik aurrera, eta 18.00etan toka txapelketaren momentua izango da. Aurtengoa 23. ekitaldia da eta herrikoia izaten da. Irabazleek saria jasoko dute noski, bi lagunentzako Mujika jatetxean jatordua izango da irabaziko dutena eta toka txapelketan parte hartu eta lehiatu nahi dutenek 17.45etik aurrera eman beharko dute izena, eta ondoren tokarekin txapa askotan jo saria eskuratu ahal izateko. Hala osatuko dute aurtengo festa, ormaiztegiarrek oso gustoko dutena. Udaletik gomendio batzuk zabaldu dituzte, kontuan hartzeko bertara inguratzeko asmoa bada. “Ahal duten guztiak oinez igo daitezela edo autoz igoz gero, autoak bete ditzatela; mahaiak eta aulkiak kamioian igotzeko 11.00etan eraman beharko dituzte eta 19.30ean jaisteko aukera egongo da; parrila publikoak erabil daitezke eta jatetxeko aparkalekuan ezin da aparkatu”, agertu dute jendeak kontuan izan dezan. - M.A.