Anoeta - Beste pauso bat emango du Anoetan bizi nahiko nuke prozesuak. Herrian etxebizitza aukera desberdinen inguruko analisi bat egin du Dunak taldeko arkitekto taldeak eta analisi horren ondorioak aurkeztuko dira datorren asteartean, uztailaren 16an, egingo den bileran. Hitzordua 18.30ean da liburutegian.

Prozesu honen helburu nagusia da Anoetan bizi nahi duten gazteei herrian bertan geratzeko aukerak eskaintzea eta iragarri duten bileran gaur egun dauden aukerez eta etorkizunean sortu daitezkeenez hitz egingo da.

Etxebizitzaren inguruko prozesuarekin jarraitzen du Anoetako Udalak, izan ere zenbait hilabete daramatzate aurkezpenak eta bilerak eginez. Martxoan ekin zitzaion prozesuari eta orduan etxebizitza beharren eta nahien inguruko diagnostiko bat osatu zen. Horretarako, aurkezpenak egin ziren herritar guztiekin eta bereziki. gazteekin.

Bada, behin hori eginda, eskuorri batzuk ere banatu ziren eta herriko gune desberdinetan buzoiak jarri ziren, herritarrek dituzten nahien jabe egiteko. Bertan etxe bila dabiltzan eta etxe jabeak direnei galdera zehatzak egin zi-tzaizkien, erosteko/saltzeko edo alokairurako duten asmoen berri galdetuz.

Lanketak Alde batetik, etxea alokairuan edo erosiz lortu nahi dutenekin lanketa egin zen, egoera, beharrak eta ahalbideak aztertzeko. Eta bestetik, etxe jabeekin ere bilerak egin dituzte, ez alokatzearen arrazoiak argitzeko.

Ondoren, herriak eskaintzen duen hirigintza aukeren azterketa tekniko bat egin dute, etxebizitza publikoak egiteko aukerak ikusteko. ?Udalaren jabetzak behatu dira, B solairuen inguruko aukerak aztertu dira. Baina batez ere, erabilera lagapenerako etxebizitza kooperatiba bat eratzeko aukera ikusi da eta honen garapenari emango zaio garrantzia handia astearteko bileran, herriko gazteentzat aukera onak eskaini ahalko baititu.

Horrela, asteartean burutuko den saiora gaiaren inguruan interesa duten herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu Anoetako Udalak, herrian bizi nahi dutenek dituzten aukerak azalduko baitira bertan.