aia - Aiako frontoia 1968an egin zuten eta bi urtetara eraiki zuten dema plaza. “Garai hartan eremu horrek ez zuen estaldurarik. Gerora gehitu zitzaion baina hala ere, probak bakarrik egiten ziren”, gogoratu zuen Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak.

Egun, Aiako dema plazak guztiz itxura eraberritua eskaintzen du, eta erabilera anitzerako prestatu da. Lehen idi dema eta herri kiroletarako erabiltzen zen soilik, baina egindako eraberritze lanen ondoren, hainbat erabilerarako egokitu da. “Abadiñora joan ginen bertako probalekuari oholtza bat jarri baitzioten gainean eta ideia ona iruditu zi-tzaigun. Aurrez aurre ikusterakoan, Aian antzeko zerbait egitea bideragarria zela ikusi genuen”, esan zuen Arrizabalaga alkateak.

Lehenik intsonorizazaio lanak egin ziren: “Beharrezkoa ikusten genuen, izan ere, bertan egiten diren ekitaldien parte batekin zerikusi zuzena dauka; antzerkia, bertsoak, dantza saioak eta abar egiteko intsonorizatu dugu”.

Jarraian, lurzoru erabilgarri bat sortzeko lanketak hasi zituzten. “Gure helburua ez da inoiz izan idi probak alde batera uztea baizik eta eremu hori egokia ikusten genuen horrez gain, beste hainbat ekimen egiteko, orain arteko ekintzetan oztoporik sortu gabe” jakinarazi zuen Arrizabalagak. Hala, egurrezko lurzorua jarri dute eta “ordu gutxi batzuetan kendu daiteke plataforma hori”.

Eremu tapatua denez urte osorako erabilgarri bihurtu da eta erabilera anitza eman diote dagoeneko: “Txakolin eguna bertan ospatu zen, baita hainbat musika kontzertu ere. Atzo, esaterako, Kalakan taldearen emanaldia izan genuen probalekuan”.

Horrez gain, espazio berri hau eskolako umeek erabiltzeko prestatu da eta eguraldi txarra egiten duenean, bertan izaten dira.

Irisgarriatasun aldetik ere, “asko irabazi du eremuak”. Izan ere, frontoi aldetik sartzeko ate handi bat jarri dute eta lehen ezinduek sartzeko zailtasunak bazituzten ere, egun, horretarako egokitu dute.

Kostuei dagokienez, intsonorizazio lanek 38.528 euroko kostua izan dute eta lurzoruaren lanek 37.147 eurokoa.