Irun - Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Izan direnak eta izango direnak gogoan proiektua garatu du azken hilabeteetan. Elkartearen bozeramaileak, Peli Lekuona, Irungo Palmera Montero Gunean atzo azaldu zuen bezala, dibulgazio proiektu honetan elkarteak 1936ko altxamenduaren ostean eta frankismoaren lehen aroan Bidasoaldean errepresioa jasan zuten 171 emakumeen kasuak biltzen ditu.

“Pilar Valles Vicuña eta Mercedes Lopez Cotarelo 16 eta 17 urteko gazteak izan ziren lehen emakume fusilatuak Bidasoan”, zioen Lekuonak. 1936ko abuztuaren 11an, Valles, Lopez eta alderdi komunistako hainbat kide, karabinero eta bestelako boluntarioak Pikoketako puntuaren zaintza lanetan zeudela ezustean jaso zuten Francoren tropen erasoa. Ezin izan zuten ihesik egin eta, Lekuonak argitu zuenez, “hainbat iturriren arabera, Beorlegi koronelaren agindu pertsonalaz fusilatu zituzten”.

Fronteak aurrera egin zutenean eta bertako faxistek boterea hartu zutenean, Bidasoako bizilagun susmagarrien zerrendak garatzen hasi ziren. Abertzalea, Abertzale Ekin-tzako militantea edota Fronte Popularraren aldekoa izatea nahikoa zen seinalatua izateko. “Adibidez, Hondarribiako arrantzaleen kofradiako tabernaren arduraduna postutik bota zuten erregimenarekin bat egiten ez zuela leporatu ziotelako”, aipatu zuen Lekuonak.

Bestalde, atxilotuta egon ziren 87 emakume identifikatu ditu elkarteak. Horietako gehienak Ondarretako espetxean egon ziren, baina beste batzuk Saturraranera bidali zituzten; adibidez, Kepa Ordokiren hiru senide: Luisa Vazquez Zugasti, Orosia Ordoki Vazquez eta Dominica Ordoki Vazquez. Proiektuak, gainera, erbesteratuak aintzat har-tzen ditu ere bai, mugaren beste aldeara errefuxiatu gisa pasa behar izan zuten bidasotarrek beste eratako errepresioa jaso zutelako etxera itzuli ziren unean: burlak, tratu txarrak eta bazterketa.

Bildutako kasu guztiak gizartera-tzeko asmoarekin, Kepa Ordoki elkarteak webgune bat irekiko du abuztuaren hasieran. “Oroimen historikoa gizarteratzeko eta emakumeak jasandako errepresio kasuei zabalpen handiagoa emateko, aproposa ikusi dugu kontsultarako eta bilaketak egiteko webgune bat era-tzea”, zioen Lekuonak. Gainera, kasu berriak eransteko eta zuzenketak egiteko aukera eman nahi die elkarteak bidasotarrei. Horretarako kepaordokimhb@gmail.com helbidera jo ahal izango dute.

Bukatzeko, abuztuaren 15ean elkarteak proiektuan identifikaturiko emakume guztiei omenaldia eskainiko die Pikoketan (Oiartzun), 12.00etan. Elkartetik diotenez, omenaldi xumea baina esanahi handikoa izango da; hain zuzen ere, Pilar Valles eta Mercedes Lopez bertan fusilatu zituztelako.

“Urte luzez albo batean egon da emakumeak jasandako errepresioa. Idatzizko iturrietara joaz 171 emakume topatu ditugu. Idatzi gabe dagoena bortitzagoa izan daitekeela uste dugu. Omenaldira gonbidatua dago emakume hauen aldarrikapenean sinisten duen oro. Izan ere, oroimenaren etsaia isiltasuna da, ez denbora”, adierazi zuen Lekuonak.