Síguenos en redes sociales:

Jaia, burua uretatik atera gabe

Urpolozaleak klubak waterpoloa sustatzeko asmoz Nautiko ingurua hartu du aste nagusian beste behin ere

Jaia, burua uretatik atera gabe

Ez da kirolik ezagunena, baina interesgarria, azkarra, dibertigarria eta emozionantea badela erakutsi nahi dute. Asmo horrekin atera dira kalera (uretara, hobeto esanda), beste behin ere, Urpolozaleak klubekoak, Nautiko inguruan waterpoloan aritzera.

Badira jada sei bat urte Aste Nagusian parte hartzen hasi zirenetik eta, azken urteotan egin duten moduan, aurten ere alde batetik aisialdiko ekitaldiak antolatu dituzte eta txapelketak bestetik. Guztira, bost egunetan zehar egon dira Nautiko inguruan (gaur izango dute azkena) eta giroa berotzeko DJ SkyMan musikariaren laguntza ere izan dute.

Asteartean muntatu zuten zelaia lehenengoz eta publikoari gonbita egin zioten, uretan sartu eta klubeko kideekin waterpoloan aritzen saia-tzeko. “Jendea animatu zen, bai”, kontatu du Luis Mari Sánchez klubeko idazkariak. Izan ere, helburu nagusia haien kirola ezagutzera ematea da: “Normalean piszinatik ez gara atera-tzen eta jendea waterpoloarekin olinpiadetan bakarrik gogoratzen da, lau urtean behin”. Gainera, normalean “sofatik” gozatzeko gogoratzen direla uste du Sánchezek eta horregatik uste du interesgarria dela uretara jauzi egiteko aukera ematea eta jai giroan kirolera gerturatzea.

Asteazkenean apur bat serioago jarri ziren (ez gehiegi) eta kuadrillen arteko bigarren txapelketa antolatu zuten. Guztira 16 lagun taldek hartu zuten parte, asko klubeko kideak haien lagun eta senideekin. Dinamo Trick taldea nagusitu zen azkenean eta egun polita izan zela aitortu du Sánchezek.

Azken urteotan nabaritu dute Aste Nagusiko egunen ondoren lagun berriak joaten direla izena ematera eta horregatik aukera ona dela uste dute. Egun 100 bat familiak osatzen dute Urpolozaleak kluba eta hainbat kategoriatan jokatzen dute bertako kideek. Azken urteotan, ordea, nesken taldea osatu nahian ari dira eta ez dute lortzen. Neskak badituztela dio Sánchezek, baina jarraitu nahi badute Eibar edo Irunera jo behar dutela Donostian talderik ez delako sortzen.

Hala, ostegunean jokatu zuten emakumezkoen Donostia Hiria txapelketaren bigarren edizioa gogoratu du: alde batetik donostiarrek osatutako talde bat aritu zen eta, bestetik, Euskal Herriko selekzio ez ofiziala. Estatuko edo euskal ligan aritzen diren jokalariak ziren eta haien artean Miren Urizar eibartarra ere izan zen, Europa mailako 15 urtez azpiko txapelduna. Donostiarrek irabazi zuten eta jokalari onenen sariak Patricia Hoyosek (donostiarra) eta Sara Leturiagak (euskal selekziokoa) jaso zituzten. “Ikusgarria izan zen, jende asko gerturatu zen”, aitortu du Sánchezek. Sari banaketan eta partidan Nekane Arzallus eta Duñike Agirrezabalaga zinegotzien presentzia eskertu zuen waterpolo taldeak eta, zen- tzu horretan, Aste Nagusiko ekitaldi hauek erakundeengana gerturatzeko aukera ere badirela uste du idazkariak.

Atzo, berriz, gizonezkoen txanda izan zen. Donostia Hiria txapelketaren hirugarren edizioa abiatu zuten lau taldek: CW Navarra, CW Claret Askartza, CW Minorisa eta CW Donostia Urpolozaleak. Nafarrek eta donostiarrek lortu zuten gaur jokatuko duten finalerako txartela.

Dena den, partiduak baino lehenago eta beranduago zelaiak muntatuta jarraituko du Nautikoaren ondoan eta donostiar eta bisitariak gonbidatuta daude, aste osoan zehar bezala, uretara sartu eta waterpoloa deskubritzeko.