Eguerdia pasata, 13.00etan edo, beroa nagusi zen atzo Elgoibarren. Berez, aitzakiarik ere ez zuten behar, baina ur botilak atera eta ederki freskatu ziren plazan bildutakoak. San Bartolome jaiei hasiera emateko txupinazoa jaurti eta festa giroa nagusitu zen herrian zehar.

Aurten Mauxitxa txarangako kideak izan ziren suziria botatzeko arduradunak, 50 urte betetzen dituztela eta. Ondoren, urtero moduan, haiek izan ziren musikaz kaleak bete zituztenak eta jaien ongietorriari musika banda jarri ziotenak.

Atzo abiatu zituzten ospakizunak eta egun luzea izan zuten Elgoibarren, baina aurretik oraindik gozatzeko egun asko dituzte. Gaur San Bartolome izanik, egun handia izango dute eta prozesioa eta mezaren ondoren, sokadantza eta udal musika bandaren emanaldia ospatuko dituzte. Arratsaldea, ordea, gaztetxoentzat izango da, parke berezia izango baitute eta baita erraldoi, buruhandi eta zezen-zikleten bisita ere.

Biharko jubilatuen eguna prestatu dute eta herri bazkarian elkartuko dira herriko beteranoenak. Pilota txapelketaren finala eta dantza solteko txapelketa ere egingo dira. Umeei eskainitako egitarau berezia ere ospatuko da eta astelehenean, berriz, Txiki eguna izango da Elgoibarren, Mauxitxa txarangaren kalejira bereziarekin mende erdia ospatzeko.

Astean zehar atseden hartuta, ostiralean gazteen eguna eta larunbatean baserritarren eguna antolatu dituzte. - N.G.