Ez da iraileko Ama Birjinak adina jarraitzailerik duen Andre Maririk. Iruñerrian, bereziki. Asteburu honetan, hiriburutik atera, eta festak nonahi, agorrilean baino toki gehiagotan. Baina Iruñetik atera gabe ere, bada zer ikusi: Erdi Aroko merkatu koloretsua, Batasunaren Pribilegioaren kontura, errege Karlos III.ak hiru “hiriak” batzeko eta barneko harresiak botatzeko agindua eman izana oroitarazteko. Erdi Aroko hiri hura arras ezberdina zen alde batetik bertzera eta, egun ere, alde ederra dago auzotik auzora; Alde Zaharretik Bigarren Zabalgunera, konparaziora. Gaur da ospakizunaren egun nagusia, arratsaldean udalbatza Katedralera joanen baita karrikaz karrika erregearen hilobiaren aitzinean eskaintza egitera. Udalkideek, ohi denez, txistulariak, erraldoiak, kilikiak eta Dugunako dantzariak izanen dituzte bidelagun, bai eta La Pamplonesa ere, bandak ehun urte bete dituen honetan. Gehienez, 25 zinegotzi joanen dira, oposizioko bi zinegotzi falta baitira kargua hartzeko, alkateak halaxe nahi izan duelako, hauteskundeek eman ez dioten gehiengo osoa gogoan, ahaztu gabe Iruñerriko Mankomunitatea ere jokoan dagoela. Orain, iduri du amore emanen duela, eta bi zinegotziak karguaz jabetuko direla Mankomunitateak bere batzarra hilaren 26an egin baino lehen, afera itsusiegia baitzen.

Mankomunitateaz landa, halere, izanen da bertze kontu interesgarririk irailean berean, hots, Sanfermin Txikiak, aurten azken asteburuan. Alde Zaharreko taldeek egitarau oparoa prestatu dute, udal ordezkari berriekin elkartu eta baimenak eskatu dituzte. Alkatea alkate izan zeneko urte haietan ez bezala (2011-2015), aurten dena utziko omen diete, San Domingoko jaigunea barne, aurreko udal agintariekin sinatutako hitzarmena indarrean dagoelako. Antolatzaileak harrituta daude. Hori bai, ez dute oraingoz baimen idatzirik jaso. Gutxi fida..