uda garaia luzatzeko asmoz sortu zen hasieran baina, egun, kulturaren parte izatera heldu da Zarauzko Euskal Jai Eguna. Atzo, 95. aldiz ospatu zuten urte osoan gogoz eta ilusioz espero duten momentu berezia.

Goizean goizetik, ohiturari jarraiki, hainbat kuadrilla atera ziren baserritar arropak jantzita zituztela, hamaiketakoa jatera, egun osorako indarrak hartzeko asmoz. Txistulariekin, trikitilariekin, dultzaineroekin eta, nola ez, Iturengo tunturroekin, pixkanaka herria jendez betetzen zihoan neurrian heldu zen eguneko ekitaldi nagusia: Alproja taldearen an-tzerkia. 41 urte pasa dira antzerki talde hau antzezlan bat egiten hasi zenetik eta, ordutik, ez dute Zarauzko Euskal Jai Egunean hutsik egin.

Munoa jendez lepo zegoela eman zioten hasiera ekitaldiari. Ehunka pertsona hurbildu ziren bertara eta Nitanic izeneko obrarekin goza-tzeko aukera izan zuten. Aurtengoan, kruzero bat irudikatu zuten eta itsasontziko gorabehera dibertigarriek eta ohiko kritika umore-tsuek irribarreak piztu zituzten.

Dantza bihurtu zen ondoren eguneko protagonista. Musika plaza eta Lege Zaharren Enparantzan bildu ziren trikitixen eta txistularien erritmora dantzatu zuten herritarrak. Jarraiki, Zarauzko Udalak laugarren urtez antolatzen duen orga lehiaketaren sari banaketa izan zen Lege Zaharren Enparantzan eta bederatzi talderen artean Jokin Juaristiren Zarauzko talogileak karroa izan zen garaile. Jose Mari Zuazobideri aitortza egin zion gainera, momentu horretan bertan, Zarauzko Udalak “urte luzez karroza lehiaketan parte hartu eta azken hamarkadetako karroza ikusgarrien egile eta sustatzailea izan delako”.

Zuazobidek, guztira, 28 karroza aurkeztu ditu Euskal Jai Egunean eta, bat izan ezik, guztiak irabazi ditu. “Lehen zeuden gauzak eta usadio zaharrak karrozetan irudikatzen” lortu duela esan zuen eta egin dituen guztietatik gehien gustatu zaiona “emakume jostunei eskainitakoa da”. “Emakumeen lanak ez zeuden ongi ikusiak garai batean. Tailerretik ateratzen zirenean josten ikastera joaten ziren. Gaur egun inork ez du josten, jostunik ere apenas dago. Beraz, haien omenezko karroza bat egin nuen”, argitu zuen.

Eguerdian festaz gozatzeko topagune bihurtu zen Barren plaza eta, arratsaldean, Iñurritzara lekualdatu zen erromeria giroa, eta Salberdineko aparkalekuan ere Dandak antolatutako egitarauarekin gozatu zuten gazteek.

Gauean festak ez zuen etenik izan eta denentzako aukerak izan ziren: batetik, Musika plazan erromeria izan zen; bestetik, Munoan dan-tzaldia Trikidantz taldearekin; eta, azkenik, kontzertuak Salberdineko aparkalekuan (Radio Revolucion, Sua eta Tirri & Tery DJ-ak).

Orain bai, Euskal Jai Egun ederra ospatu ondoren, agur esan diote zarauztarrek uda denboraldiari.