Gaur, San Migel eguna. Lehenago, herri aunitzetan, festak. Orain, ordea, gero eta gutxiagotan, irailetik agorrilera aldatu baitituzte, eguraldi txarretik ihesi. Iruñean, berriz, azienda feria. Lehen, sekulakoa. Egun, gainbehera, hiriaren erdigunetik arras bazterturik, urrun, Agustinoen industrialdeko zelai batean. Arrunt nekeza haraino oinez joateko. Bertzela zen Magdalenako zubiaren ondoko zelaian egiten zenean. Urteak joan dira. Tratuetan, behor eta zaldikoak, gehienbat. Azken urteotan, astoa berragertu da (lau hankakoa), garai batez desagertzeko zorian egon baitzen. Oraindik ere bizirik San Gregorio karrikako asto ospetsuaren oihartzunak. Bere kasa uzten omen zuten. Iparrak jotzen zuenean, Sarasate pasealekuko berokia, eguzkialdea, zuen gogoko. Sargori zegoenean, ordea, bere karrika meharreko ospela nahiago. Erabat joana den mundu bat. Edo ia, hobe erran, oraindik ere kilinki-kalanka hotsak aditzen baitira Goñi etxeko zaldien artean. Landa-eremuaren uharte txipi bat hiriaren bihotzean. Baina joan den ortzegunaz geroztik, hara, landa-eremuko bizilagun bat Iruñerriko alkate. Lehenbiziko aldiz, Mankomunitatea eratu zenetik. Gobernuaren eta hiriburuaren ondotik, aurrekonturik handiena duen erakundea, ehunetik gora milioi euro, Madrilgo egunkari suminduetan behin eta berriz nabarmendu dutenez. Hemengo eskuindarrak ere kolera gorrian. Mankomunitate barneko teknikariek, aldiz, arnasa hartu dute, hautagai eskuindarraren begi-bistako gabeziak ikusita eta aukeratu berriaren dohainak kontuan hartuta. Erakundea eskuinaren eskuetan uztea, gainera, atzerapauso nabarmena izanen zen euskararendako. Ez dugu ahaztu behar Mankomunitateak hautsi zuela aspaldian legeak euskarari Iruñerrian ezarritako muga. Ortzegunean berean lotu eta harilkatu omen zen den-dena. Azken orduan, parlamentuko huraxe bezala. Baito!