zarautz - Itsasotik Herrira ekimena ospatuko da gaur eta bihar Zarau-tzen, bigarren aldiz. Eskualdeko kultura-ondarean jiran, guztira, 20 ekimen inguru eskainiko dira hainbat gunetan. Guztiek izango dute, nabarmen, eskualdeko kutsua: batzuek, Urola Kostan urte luzez pilatutako iragan-tradizioei egingo diote keinu; beste batzuk, aldiz, gaur egungo proposamen berritzaileenekin batera, gerora begirako bide berri bat zabaltzeko asmoz eratu dira.

Aurtengo edizioan, “bereziki landu nahi izan da etxeko txikienei bideratutako kultura eta sormen eskaintza”, jakinarazi zuten Urola Kostako Udal Elkartetik. Hala, jaialdiari hasiera emango zaio familiei bideratutako Inguru?Klown ikuskizunarekin. Saioa gaur izango da 17.30ean. Jarraian, umeei bideratutako beste bi ekintza izango dira 18.30ean: Entzunez sortu izeneko sormen-esperientzia tailerraz gain, nahiago dutenek, aukera izango dute ordu berean aurpegiak margotzen ikasteko tailerrean parte hartzeko.

Bihar ere, haurrek izango dute zertaz gozatu. Izan ere, goizean, bi sormen-tailer antolatu dira. 11.00etatik aurrera, buruhandiak egiten ikasteko tailerra egingo da; 11.30an, berriz, zirku tailerra eskainiko du Nere Rubiok.

Arratsaldean, 17.00etatik aurrera, Olaten xuxurla izeneko ipuin kontaketa saioa eskainiko du Leire Zinkunegi oriotarrak. Saioa Sormen Eskolan egingo da (Bizkaia kalea, 11).

Haurrei bideratutako ekintza gu-ztiok (Ipuin Kontaketak salbu) Lege Zaharren enparantzan egingo dira.

beste hainbat emanaldi Itsas-ondarea eta bailarako kultura-tradizioa balioan jartzeaz gain, hainbat emanaldi berritzaile izango dira.

Musika emanaldiei dagokionez, gaur, Unax Nogales eta Antxon Sarasua zarauztar bikotearen eskutik Game Cover izeneko bertsio-emanaldi musikatuaz gozatzeko aukera izango da. Bihar, aldiz, Bermuda Kolektiboak musika elektroniko alternatiboa eskainiko du. Bi musika emanaldiak Lege Zaharren enparantzan izango dira; 20.00etatik aurrera. Bestalde, eskualdeko abesbatzen lehen topaketa ospatuko da bihar, Parrokian 20.15etik aurrera.

Eskualdeko itsas-ondareari eta kultura-tradizioari keinu eginez, Beduola Elkarteak eskualdeko ontzirik zaharrenetarikoa izan litekeen Hiru Anai ontziaren berreskuratze-lanak aterako dira argitara, Munoan.