Zizurkil - Bihar ospatuko da Zizurkilgo Azoka Bereziaren XXII. edizioa eta aurten ere lortu dute berrikuntzak sartzea; horien artean, pottoken erakusketa.

Erakustaldia goizean zehar izango da, eta Gipuzkoako Pottokazaleen Elkartearen lankidetzari esker, goizean zein arratsaldean hala nahi dutenek pottoka horietako batzuen gainean ibiltzeko aukera izango dute.

Aurten zenbait aldaketa egin dituzte postuen antolaketan. Hala, aurten Hernandorena kaleko janari-postuak goizez soilik egongo dira irekita: 10.30etik 14.30era. Hala ere, izango dira beste zenbait janari-postu Intxaur frontoiaren barruan, artisautza-postuen ondoan, eta horiek, artisautza-postuak bezala, goizez zein arratsaldez egongo dira irekita, 10.30etik 14.30era eta 16.30etik 19.00etara.

Goizeko 10.30ean irekiko da azoka eta Teodoro Hernandorena kale osoan zehar Zizurkilgo baserritarren bost postu eta beste hamar elikagai postu izango dira. Intxaur frontoian, berriz, lau janari-postuz eta 25 artisauren lanez (lau zizurkildar eta Zizurkilen egoitza duen Divina Emakume Nigeriarren Gipuzkoako Elkartearen postu bat) gozatzeko aukera izango da. Tailerrak eta erakustaldiak ere izango dira eta haurrentzat puzgarriak.

Ondoren herri bazkaria ere izango da Zimiterioan. Txartelak 15 euroren truke erosi daitezke Iriarte eta Egarri tabernetan eta soberan badaude, bihar ere salgai jarriko dira.

Arratsaldean ere izango dira ekitaldiak. 18.30ean Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa izango da eta horren ondotik, iluntze partean, txakolin dastaketa egingo da lehenengo aldiz. Hamar bodegatako txakolinak dastatzeko aukera izango da.

Urtero bezala, joan-etorriak errazteko doako autobusa izango da Zizurkil behetik goira egun osoan zehar. 10.15etik aurrera Bulandegiko errotondatik eta Zubiarretxoko bidegurutzetik irtengo dira autobusak. Eguneko azkeneko autobusa, aldiz, 21.00etan irtengo da Zizurkil goitik. - M.S.S.