getaria - Xabier Isasti getariarraren diseinu proiektu bat Selected Europa 2019 liburuan agertzeko aukeratu dute. Selectedek urtero argitaratzen duen liburu honen helburua, diseinuko azken tenden-tziak partekatuz, inspirazio iturri izatea da. Liburua azaroan kaleratuko dute, eta bertan, Isasti 2019ko artista gazte aukeratu dute. Aitorpena “oso gustura” hartu duela onartu du.

Espero al zenuen zure lana aukeratzea ‘Selected Europa’ liburuan argitaratzeko?

-Ez, iaztik Bartzelonako IED unibertsitatean ikasten nabil eta hasiera batean eskolarako lan bat zen. Irakasleak gai librea utzi zigun eta Gernikako bonbardaketari buruz egitea pentsatu nuen. Unibertsitatean lana aurkeztu ondoren, maisuak komentatu zidan Selected Europe 2019ra aurkezteko. Proiektua interesgarria zela eta aukeratuetako bat izan zitekeela esan zidan. Berarekin aukeratu nuen zer aurkeztu eta zer ez, eta hilabete batzuk beranduago irakasleak jakinarazi zidan aukeratu nindutela.

Gernika izena jarri diozu, beraz, zure lanari...

-Bai, nire helburua zen ezagutaraztea bonbardaketa honek zer eragin izan zuen gure kulturan, hizkun-tzan? Euskaldunongan, oro har. Hala, erakusketa baten proiektu-diseinua egin dut. Horretarako, Gernika izeneko marka sortu dut, baita logotipoa, kanpainarako kartela, publizitatea, merchandisinga? Picassoren Guernica koadroaren bertsio bat ere egin dut. Obrako elementuak hartu eta horiekin pieza ezberdinak osatu ditut.

Zenbat denboran egin duzu proiektua?

-Bost hilabetez egon nintzen proiektua gauzatzen. Lan asko dago horren atzean. Bakarkako lana da eta horrek, lan karga handiagoa eskatzen du, betiere.

Hala ere, gustura egongo zara lortutakoarekin, ezta?

-Bai, lan karga handiaren ondoren gustura hartzen dira horrelako sariak.

Zerbait jasoko duzu ordainetan?

-Ekonomikoki ez dut ezer jasoko, baina nire lan bat hain izen handiko liburuan agertzea ondo etorriko zaidala esan dit irakasleak. Ea etorkizunean ere fruituak ematen dituen.

Noiz ikusiko dugu zure lana ‘Selected Europa’ 2019 liburuan?

-Azaroan. Urtero-urtero izen bereko jaialdia ospatzen da Bilbon, Design Week-aren barruan, eta hara joaten dira diseinatzaile profesionalak hitzaldiak eta abar ematera. Han bertan banatuko dute liburua ere. Gainera, ikasketak egiten nabilen unibertsitatean ere izango da ikusgai. Izan ere, esan didatenez, unibertsitateko sarreran jarriko dute nik egindako proiektua, fisikoki.

Horretaz gain, beste hainbat sari irabazi dituzu...

-Bartzelonara ikastera etorri baino lehenago, diseinu grafikoa ikasten egon nintzen Donostian lau urtez, eta urte batzuetan kartel lehiaketa dezentetara aurkeztu nintzen, Irune Elizegi lagunarekin. Esaterako, Tolosako San Juan jaietako kartel lehiaketa irabazi genuen 2017an eta baita 2018an ere. Aurten, finalera iritsi garen arren, ez dugu saria etxera ekartzerik izan. Donostian ospatzen den Europako musika eguneko kartelen bat edo beste ere egin dugu. Sarituak ere izan gara Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailak antolatzen duen lehiaketa batean.

Aurten Getarian ospatu den Elkanoren Itsasoratzea jaialdiko irudia ere zuk egin duzu, oker ez banabil...

-Bai, hala da. Elkano Fundazioak eta Udalak proposatu zidaten eta baizkoa eman nien. Elkanoren figura irudikatu nuen eta kartelaren goikaldean,berriz, Nao Victoria ontzia. Koloreen kasuan, biziak erabiltzea erabaki nuen, festibal bat irudikatu behar nuen eta.

Uda honetan gainera, Mexikon izan zara hango diseinu enpresa batean lanean. Nolako esperien-tzia bizi izan zenuen?

-Egia esan, esperientzia oso aberasgarria izan da. Konturatu naiz diseinua asko aldatzen dela herrialde batetik bestera. Euskal Herrian nahiago ditugu irudi sinpleak, minimalistak. Mexikon, aldiz, irudi kargatuagoak gustukoago dituzte. Diseinua ulertzeko modu ezberdinak ikasi ditut bertan eta esperientziak, askorako balio izan dit, bai pertsonalki eta bai profesionalki. Esan beharra dago lana askoz ere patxara handiagoarekin har-tzen dutela eta horrek ere, asko laguntzen du diseinu bat pentsa-tzerako orduan. Horrez gain, bertako jakiak asko gustatu zaizkit.

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua?

-Erantzun bat ematea zaila da. Oraindik, beste bi urte geratzen zaizkit Bartzelonan. Denborak esango du baina, nik garbi daukat diseinuaren munduan egin nahi dudala lan.