elizondo. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, Bizi dantza, beren azken ikuskizuna, eskaini zuten igandean Elizondon, Baztan pilotalekuan. Baztan Ikastolako Guraso Elkarteak antolatu zuen emanaldia eta guztiz arrakastatsua suertatu zen, mila lagun inguru bildu baitziren pilotalekuan Euskal Herriko pailazo ezagunenekin gozatzeko helburuz. Bertaratutako haurren, eta baita helduen aurpegiak ikustea nahikoa zen, emanaldian zehar zenbat gozatu zuten frogatzeko. Emozioz beteriko ikuskizun ederra eskaini zuten, igande goiz ederra pasaraziz. Baztan Ikastolako 35 ikasle inguruk ere parte hartu zuten oholtza gainean, lehenagotik landutako dantzekin.