artxo honek ustekabe ederra ekarri digu. Etxeko atarian, oraindik ere deialdi bat dago itsatsirik legez kanpoko turismo-alokairuaz auzo batzarrera mintzatzera joateko. 350 baino gehiago dira hirian: 80tik goiti, Alde Zaharrean. Ez dira Udalak emaniko datuak, Nafar Gobernuko turismo sailak udal oposizioko taldeei jakinarazitakoak baizik. Udal agintariak, berriz, mutu, eta udaltzaingoak ez du batere salaketarik egin. Artetik errateko, etxeratu aitzinetik ikusi dudan azken udaltzaina botika batean sartu da: "Baduzue maskararik?". "Ez, ez dugu, toki guztietan agorturik daude". Udaltzaina ez da harritu, erantzun berbera jaso baitu botikaz botika egindako karrikadantzan. Lurrean marra beltzak marrazturik daude segurtasun-tartea manten-tzeko. Horra jendea elkarrengandik urruntzeko neurrietako bat. Bertze bat, hainbat denda txinatarretan eta okindegi batean ikusitakoa: plastiko zabal bat paratua dago erosleen eta saltzaileen artean, sabaitik zintzilik. Erosleak, berriz, errenkadan, karrikan, barnean banan-banan sar-tzeko. Bihartik aitzina, horrela moldatu beharko, ezinbertzean. Bart, janari-denda guztiak irekita, bezperan hustutako apalak mukuru beterik. Elikaduraz bertzelako denda batzuk zabalik; bertze batzuk itxita, gaitz berriaren berri ematen duen kartela atean paratuta. Taberna gehienak, giltzaturik. Jendea zalantzaz beterik: "Txakurra etxetik aterako ahal izanen dut, bere beharrak egin ditzan?". "Mendira joateko aukerarik?". "Arga bazterrera jaisterik, gutxienez?". Auskalo noiz arte egonen diren hutsik hasieran aipatutako etxebizitza horiek guztiak, baina ez udaltzainek esku hartu izanaren ondorioz, baizik eta "martxo martxanta larru tratanta" honek ataka gaiztoa ekarri duelakoz; eta ez, preseski, ardi saldoetara. Bitartean, gainerako etxeak oro, jendez beterik, leihotik begira.