- Lehenago bertze hainbat tokitan bezala, Arizkunen ere, denen gogoan zegoen baina inork nahi ez zuena erabaki behar izan dute, hau da, aurtengo San Juan bestak bertan beheiti uztea. Azken aste hauetako gertakarien harira, koronabirusak eragindako osasun krisia hasi zenetik bi hilabete pasa direnean, eta oraindik herriko bestetarako guti goiti beheiti hilabete eta erdi falta direnean, arizkundarrek besten inguruko erabakia hartu behar izan dute, gogoz kontra, baina zentzuz jokatuta, izan ere, jakina da pandemia gogor honek bortizki eraso egin diola jendarteari, eta herriko bestak orain arte egiten ziren bezala ospatzeko nahikoa osasun bermerik ez dagoela. Hori dela eta San Juan bestarik ez dute ospatuko aurten Arizkunen. Ez dira bertan beheiti gelditzen diren herrietako besta bakarrak, eta seguru aski ez dira azkenak ere izanen.

Arizkungo bestekin batera, azken urte hauetan ere Arizkungo San Juan bestetan aski erroturiko Arizkun Rock jaialdia burutzen da, eta aurten antolatzaileak "inoiz baino lehenago hasiak ziren dena antolatzen", eta "berrikuntzak ere prestatuak" zituzten, dena den, ohar bidez jakinarazi dute, Covid-19ak sortutako krisi egoeran, "bertze aukerarik ez denez", ekainaren 19rako iragarria zuten hitzordua aurten ez dela eginen. Hala ere lanean segituko dutela azpimarratu dute, "duela urte batzuk herri bizi eta zoriontsu bat eraikitzeko apustua egin genuen, musika eta kulturatik lan eginez. Eta hortaz, inoiz baino gehiago, ilusioz eta indar askoz lanean jarraituko dugu". Bide batez, "besarkada handi bat" bidali nahi izan diete animoak eman dizkieten guztiei esker-tzeko, biata "proiektuaren gibelean dauden pertsona guztiei, Arizkungo herriari, musikariei, teknikariei, muntatze-lanetan ibiltzen direnei, diseinatzaile grafikoei, babesleei eta eritasun hau eteteko lanean eta ari diren guztiei, bihotzez, mila esker".