- Koldo Bigurik irabazi du Baztango Udalak, Txalaparta argitaletxeak eta (H)ilbeltza elkarteak antolatutako IV. (H)ilbeltza beka. Beka honen xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, urtez urte, txandaka, sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten itzulpen lana egiteko beka egokitu da, eta parte hartzaileek Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao eleberriaren lagin baten itzulpena aurkeztu behar zuten. Lehiaketara aurkezturiko 10 laginen artean, Joseba Otondo, Baztango alkateak Josu Barambones, (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Ruiz, Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osaturiko epaimahaiak Koldo Bigurik aurkeztutako lana saritzea erabaki du. Lana aukeratzeko orduan epaimahaikideek azpimarratu dute itzultzaileak jatorrizko obraren letrari eta estiloari tentuz eta zentzuz jarraitu diela euskaraz baliokide bat sortzeko garaian. Ahalegin horretan bereziki nabarmentzekoa omen da elkarrizketen bizitasuna, italierazko obran erabiltzen den lagunarteko erregistroa imitatu nahian. Ildo horretan, itzultzaileak egindako hautaketa lexikoa lagungarri gertatzen omen da. Orobat, joskeraren errazari esker, testuak ederki korritzen duela eta irakurleek eroso irakurriko dutela nabarmendu dute.

Bigurik 6.000 euroko beka jasoko du, 3.000 euro orain, eta gainerakoa eleberri osoa itzultzerakoan. Txalaparta argitaletxeak 2021eko abenduan argitaratuko du eta 2022ko ilbeltzean aurkeztu.

Filologia ikasi zuen Koldo Bigurik (Gasteiz, 1962), eta, gaur egun, irakaslea, euskaltzain urgazlea eta itzultzailea eta interpretea da. Senez aldizkariko zuzendari izan zen 1994-1999 bitartean, eta EIZIEko lehendakari 2000-2002 urteetan. 1992an hasi zen literatura itzultzen, gehienbat literatura italiarra. 2000. urtean, Napoliko Unibertsitatean egin zuen lan, euskal morfologiako irakasle gisa. Gaur egun, EHUko irakasle da Gasteizko Letren Fakultatean. Halaber, euskal itzultzaile aitzindarien memoria historikoaren berreskuratze lanetan ibili da, Lurdes Auzmendirekin batera, EIZIEk argitaratzen duen "Itzulpen Antologia" bilduman.

(H)ilbeltza bekaren lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel A. Elustondok irabazi zuen eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019an. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu eta aurten, urte hasieran aurkeztu du Josu Barambonesek. Iaz Miren Gorrotxategik irabazi zuen sormen beka, eta urte bukaerarako bukatuko du eleberria.