- Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, pasa den ortziralean mobilizazio ugari izan ziren Euskal Herriko xoko aunitzetan, tartean gure eskualdean. Ortzirale eguerdian, errate baterako, Donezteben, eskola onodko biribilgunean hainbat lagun elkartu ziren, eta arratsaldean, Elizondon, Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzaren aitzineko aldean hamarnaka lagunek parte hartu zuten kontzentrazio batean.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen karta osatzen duten erakundeek zazpi proposamen dituen gutun bat bidali zieten alderdi desberdinei, etorkizunean kontuan har ditzaten, eta haiek ere karriketan zabaltzeko asmoz burutu zituzten pasa den ortziraleko mobilizazioak, Publikoa, funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz lelopean, bizitza lehenesteko aldarriarekin. Ortziraleko mobilizazioen aldarrikapenak argi zerrendatu zituzten mobilizazioetan: zerga erreforma; krisia kapitalak ordain dezala; zerbitzu publikoak garatu eta azpikontratak publifikatu; zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa; Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu eta etxebizitza eskubidea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioak; 1.200 euroko gutxieneko soldata eta gehienez 35 ordutako lan-astea; eta azkenik, pertsona guztien erregularizazioa ere eskatu zituzten.

Urtarrilaren 30eko grebatik ia bost hilabete pasatu direnean, konfinamenduaren ondoren kalera eta borrokara ateratzeko deia egin zuen eragile sindikal eta sozialak biltzen dituen Kartak, eta horri erantzunez elkartu ziren han eta hemen hainbat eta hainbat lagun.