- Baztan-Errekako Laxoa Kopa pasa den asteburuan hasi zen, hamaika talderen parte hartzearekin. Lehen kanporaketako norgehiagoketan, Arraioz Zubiondok Doneztebe Aviari irabazi zion, joanekoan 5-3 eta itzulerakoan 2-5; Donibane Lohi-tzuneko taldeak parte hartu behar zuen, baina azken momentuan ezin izan zuen jokatu eta hortaz Doneztebe Zarbonet izan da kanporaketako garailea; Doneztebe Titi eta Doenztebe The Momenten artekoan, azken hau nagusitu zen, bi partidetan, 3-5 eta 5-1; Arraioz Sagardiak, Oiz gainditu zuen, 5-0 Arraiozen, eta nahiz eta Oizen etxeko taldeak 5-2 irabazi, kanporaketa arraizotarrek gainditu zuten; azkenik, Doneztebe Ameztia eta Doneztebe Apezteguiaren artekoan, Apezteguia nagusitu zen, lehen partiduan 5-2 irabazita eta bigarrenean 5-3 galduta.

Honenbertzez, Arraioz Zubiondo, Doneztebe Zarbonet, Doneztebe The Moment, Arraioz Sagardia eta Doneztebe Apezteguia sailkatu ziren final laurdenetarako. Hauekin batera, bi galtzaile hoberenak, Oiz eta Doneztebe Ameztia, eta lehen kanporaketatik, zozketak hala erabakita, salbuetsita gelditu zen Irurita Miguelene.

Atzo eta gaur bitartean jokatuko dira final laurdenak, joan etorriko kanporaketekin, bi partiduak jarraian, partidu bakoitza 5 jokora.

Atzo jokatu zen lehenbizikoa, Arraioz Sagardia eta Doneztebe Apezteguiaren artekoa. Lehenbiziko partidua Arraiozen jokatu zen eta kanpoko taldea nagusitu zen, 3-5. Donezteben jokatutakoan, berriz, emaitza berarekin irabazi zuten arraioztarrek, beraz 3 jokotara jokatu zuten desberdinketa, eta Arraiozko taldeak 0-3 irabazi zuen, beraz, final erdietako txartela eskuratu duen lehenbiziko taldea bilakatuz. Partidu luze eta borrokatuak izan ziren, emozioz beterikoak.

Gaur jokatuko dira gainerako kanporaketak, Oiz-Doneztebe Zarbonet, lehen partidua Oizen 11.30ean; Doneztebe Ameztia-Doneztebe The Moment, 10etan, kasu honetan bi partiduak Donezteben; eta Irurita Miguelene-Arraioz Zubiondo, lehen partidua Iruritan, 17.00etan.